Gaur gurasoei galdetu diet etxean behin baino gehiagotan entzundako istorioa; bere garaian dirua jarri behar izan zutela Nafarroan Euskal Telebista ikusi ahal izateko. 1986. urtea izan zen hura eta herri mugimendu bati esker dirua lortu zen Aralarko santutegian antena jartzeko. Paz de Zigandako guraso talde baten ekimena izan zen, horien artean gurasoen ezaguna zen eta konexioa posible egin zuen teknikaria zegoen. Horregatik proiektuaren nondik norakoak ongi ezagutzen zituzten nire gurasoek. 1.000 pezeta jarri zituzten, 500 pezetetako bi bono erosi zituzten, garai horretan ez zen gutxi.
Herri mugimendu bat izan zen; bere seme-alabek euskarazko telebista ikusteko aukera bermatu nahi zuten guraso batzuek bultzatuta eta Nafarroako gizarte zati handi baten babesa lortu zuen ekimena izan zen hura. Orduan elkarkidetasuna eta besteen ongizatean oinarritutako sentimenduak nagusitu ziren.
Gaur berriz besteen ongizatearen sentimendua ez da nagusituko, ezta elkarkidetasuna edo herri sentimendua. Gaur inbidia, gorrotoa eta norberekeria nagusituko dira. Gaur ETBk bere emisioa eten eginen du Nafarroan, UPNk egindako salaketari erantzunez PPko Gobernuak Nafarroan emisioa etetea agindu duelako. Errespetagarria guztiz batzuk ETB ikusi nahi ez izatea, horretarako “mando a distancia” delakoa asmatu zen, gustoko ez duzun kanala aldatzeko. Ai baina, inbidia ze txarra den, bestearen zoriontasunak ezinegon sentimendua omen da inbidia. Gaur beraz, inbidiatsuek nafar asko minduta gaudela ikusita irrifar batekin piztuko dute telebista.