Ostiral honetan Julio Basulto dator Iruñera haurrek 6 hilabetetik aurrera jaso behar duten elikadura osagarriari buruz hitz egitera.
Ezagutzen ez duenarentzat Basulto haur eta helduen elikaduraren inguruko liburuak idatzi dituen nutrizionista ospetsua da. Basulto, Carlos Gonzalez pediatrarekin batera, estatu mailan amagindako edoskitzearen babesle sutsua da, ama eta haurrarentzat bularra eman eta jasotzeak dakarren onura fisiko eta emozionalak babesten ditu.
Atzo, hitzaldiari buruz hizketan nengoela auzokide batekin zera esan zidan “ah bai, hor elkartuko zarete bularraren talibanak ezta?” Eta ez da horrelakorik entzuten dudan lehenengo aldia. Sektore feminista batzuen arabera bularra emateak emakumeok menpekotasunean kokatzen gaitu, Simone de Beauvoirrek esan zuen bezala “morroi bihurtzen gaitu”. Horretarako jaio omen zen biberoia, emakumea askatzeko, ez noski kapitalismoaren mesederako –emakumeak lan merkatuaren beharretara egoteko askatu baigintuen-, ezta ere farmazeutiken aberasterako. Ironia alde batetara utziz, argumentua ondorengoa litzateke. Bularra emateak haurra eta amaren arteko menpekotasuna dakar. Zaintzaren menpekotasuna historikoki emakumearen askapenaren borrokarentzat kaltegarria izan da. Beraz, bularra emateak emakumearentzat menpekotasuna dakar.
Baina ni, kasu honetan, ezberdintasunaren feminismoraren ikuspuntuarekin bat nator. Zaintza tradizionalki emakumeen eskuetan egon izan denez gutxietsia izan da, horregatik zaintzaren aldarrikapena feminismoaren helburua izan behar du. Beraz, bularra ematea bezalako ekintzak feministak ere izan daitezke eta, dudarik gabe, ekintza politikoak dira.