Benetazko politika

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Nausia Pimoulier 2016ko urt. 14a, 13:24

Atzo Carolina Bescansak bere 5 hilabetetako umea Espainako Legebiltzarrera eraman zuen eta bertan bularra eman zion. Iritzi kontrajarriak entzun ditut, nire harridura eta haserrerako gehienak kontrakoak. Gehien tristatzen nauena da kritikatzaileen artean ama asko daudela. Batzuk diote, “nik eszedentzia hartu behar izan nuen, dirua galdu nuen nire haurra zaintzeko eta honek guztion diruarekin zaintzen du berea!”, beste batzuk, “lantokia ez da ume bat egoteko lekua”.
Lana eta bizitza familiarra uztartzearen alde daudela diote batzuk, baina horren alde erdixka daudela dirudi. Gaur bertan Carmen Chacón ministra izandakoaren iritzia, “Legebiltzarrean haurtzaindegia egonda zergaitik eraman haurra emiziklora?”. Ez dakit Bescansak zer erantzunen dion, baina nik badut erantzun bat. Bost hilabete besterik ez dituelako eta amaren bularra behar duelako. Agian ministra izandakoari ahaztu zaio Nazioarteko Osasun Erakundearen arabera haurrek bularra besterik ez dutela hartu behar lehenengo 6 hilabateetan, eta gutxienez 2 urterarte gomendagarria dela bularra hartzea. Haurrek ez dituzte behar haurtzaindegiak, beraien aita eta ama gertu egotea baizik, eta lehenengo hilabeteetan ama gertu egotea behar dute bereziki. 16 aste baino ez dizkigute ematen gure umeak zaintzeko. Bere ume txikia haurtzaindegi batetan utzi behar izan duenak ongi badaki hori ez dela nahikoa. Chacón gobernuan egon zen urteetan eta ezer gutxi egin zuen amatasun baja luzatzearen alde.
Bescansarentzat berriz atzo izan zen Legebiltzarrean zegoen lehenengo eguna eta egun horretan bertan egin zuena benetazko ekintza politikoa iruditu zitzaidan. Agerian utzi zuen emakume askok bizi dugun errealitatea. Nik eszedentzia hartzea erabaki nuen nire umea zaintzeko eta horregatik pribilegiatua naizela sentitzen dut nire aurrezkiak horretarako erabili ahal izan nituelako. Askok ez daukate aukera hori, aurrezkirik gabe edo lanean duten egoerarengatik lanera itzuli behar direlako. Bescansaren keinua ausarta iruditu zitzaidan, eta gaurko kritikak entzun ondoren, inoiz baino beharrezkoagoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!