Huts egitearen ospakizuna

Astelehenean estatu mailan hispanitatearen eguna ospatzen dute. Hain zuzen ere 1492. urteko urriaren 12an Kolonek Guanahaniko uhartean egindako lehorreratzea ospatzen da. Ez litzateke zuzena izanen Kolon Amerikara iritsi zela esatea, ez behintzat berari galdetu ezkero. Berak esanen ziguke Zipangon, Japonen, zegoela. Huts egite bat izan zen, huts egite zoriontsu bat Espainiarentzat eta ez horrenbeste eskatu gabeko “bisita” hori jaso zutenentzat.
1987ko legearen arabera Espainiako Legebiltzarrak urriaren 12a jai nazional moduan aukeratu zuen data horrek Espainako garapen historikoarentzat zuen garrantziagatik. Izan ere, eta legeak argudiatzen duenaren arabera, momentu horretan, Espainiako estatua sortzen ari zen unean, kulturalki anitzak ziren erresumak Monarkia bakar baten agindupean integratu ziren eta Monarkia horrek, bere Europako mugak gaindituz, hizkuntza eta kultura zabalkunde garai bat jarri zuen martxan.
Legea hirutan irakurri dut eta zin dagizuet konkista hitza ez dela aipatzen, ezta suntsiketa ere, jazarpen, inposaketa edo hango eta hemengo herrien erresistentzia deskribatzen duen hitzik ere. Hori bai, integratu, aniztasuna eta zabalkunde bezalako hitzak agertzen dira. Ze kasualitate, ez al nizkion atzo antzeko hitzak jasotzen zituen diskurtsoa entzun Felipe VI.ari Europako Parlamentuan? Huts egite bat izanen da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!