Etorkizuna eraikitzeko zutabeak

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Nausia Pimoulier 2015ko ira. 24a, 12:41

Iragana ez ezagutzeak geldiarazi egiten gaitu, etorkizunak ekarriko digunari aurre egiteko baliabiderik gabe uzten gaituelako. Aldi berean iragana bilatu eta finkatzeko prozesua gogorra suertatu daiteke. Horren erakusle, hainbat gertakari gatazkatsu berraztertzean bizitzen ditugun sentimendu kontrajarriak. Baina, aurrera egiteko zauriak sendatzea beharrezkoa dela onartzen ez badugu, zauriak berriz irekiko dira. Prozesu terapeutikoetan, adibidez, jakina da mina gainditu ahal izateko lehenik eta behin beharrezkoa dela min hori gogoratzea, baita, ostean, min hori berpiztu eta barnEratzea ere. Doluaren prozesua izenarekin ezagutzen dugu fenomenoa; hau da, gertatutakoa ukatzea eta haserretzea eta, ostean, galdutakoagatik negar egitea bizitakoa onartu eta horrela zerbait berria eraikitzeko aukera izateko. Altxamendu Militarrak eta ondoren jasan izan genuen Diktadurarekin urteetan ukatze prozesuan bizi izan gara. Egia esanda, bidezkoagoa izanen litzateke esatea eragile sozialek aurrerapausuak eskatzen zituzten bitartean, instituzioak ukatze prozesu horretan bizi izan direla. Baina garai hori amaitu da, izan ere jasandakoa berreskuratu gabe, izango al gara gertatutakoa gainditzeko gai? Are gehiago, eraiki al dezakegu etorkizun hobe bat iragana ongi onartu gabe?
Horregatik hemendik aurrera Carlos III etorbidearen amaierako plaza Serapio Esparza deituko dela jakiteak poztu beharko ginduke. Rodezno kondea, Tomás Domínguez Arévalo, Francoren gobernuko lehen Justizia Ministroak lekua utzi dio Esparza arkitektoari, gure hiriko II Zabalgunearen diseinatzaileari. Polita da aldaketa honen atzean aurkitu daitekeen sinbologia; suntsiketan oinarritutako bizitza eraikuntzan oinarritutakoaren aurrean. Historiak, memoria kolektiboak, etorkizuna eraikitzeko zutabeak oparitzen dizkigu. Eta Esparza bezalako arkitekto batek ongi zekien eraikuntzak mendez mendez bizirauteko zutabeak zaindu behar direla.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!