Nafarroa Garaiak euskarazko 25 telebista kate berri izanen ditu sanferminen aitzinetik

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroa Wow 2015ko mai. 21a, 00:18

Erronka: Nafar biztanle bakoitzeko euskarazko 2,5 euskarazko kate izatea 2016 erdialdean

Joandako otsail arte euskarazko kate bakar bat ere ez zegoen Nafarroa Garaiko telebista digitalaren espektroan. Otsaila hasieran ordea, Xaloa Telebistak bere emisioak hasi zituenetik, eta azken egunetako bero eta euriekin, euskarazko kateak onddoak bezala hazi dira nafar dialean.

Azken 15 egunotan 11amaika telebistak eta Nafar Telebistak hasi dituzte emisioak. Alta, ez dirudi euskarazko telebista kateen eklosioa horretan geratuko denik. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko fantasmak jakitera eman duenez, euskarazko 25 kate izanen ditu ikusle nafarrak eskura, sanferminen aitzinetik.

Aukera zabala izanen da eta kolore guztietako eskaintzak izanen ditu ikus-entzule nafarrak:

  • Piper telebista, Kanaliko TB, Kateak katea, Foru Telebista, EUUUU telebisioa, TVE (Televisión euskalduna) eta Nafarroako kanala kateek esaterako, orain arteko erregimenaren ildoa jarraituko dute eta hegoaldeko goi-nafarreraz ariko dira. Javier Esparzak diru laguntza oparoak agindu dizkie presidente izatera heltzekotan.
  • Eeetb (ezina ekinez egina TB), Eztb, Etb Bat-man eta Goenkale 24 ordu Euskal Telebistaren marka txuriak izanen dira. Azken honek Goenkaleko denboraldi guztiak emanen ditu etengabe. Besteek ere bai!
  • Aljazhiruk ekialde hurbilari buruzko albisteak emanen ditu (Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkariri buruzkoak, alegia).
  • Nafar telebistak pilota partiden eskubideak eskuratu dituenez, 5ak1 (merinaldeak gogoan) telebistak, Euskal Herriko mus txapelketa emititzeko eskubideak lortzeko saiakeran ari da.

25 kateen ildoak gora-behera den-denek azpimarratu dute marrazki bizidunek toki berezi eta garrantzitsua izanen dutela haien programazioan. Apostu berezia egin nahi izan dute arlo honetan eta Kalimero, Arturo erregea eda Candy-Candy bezalako berritasunak eskuratu dituzte emititzeko.

2,5 euskarazko kate biztanleko

Nafarroako euskalgintzako arduradunak ez dira kopuru hauekin ase eta erronka jarri diote haien buruei. 2016ko erdialderako 2,5 euskarazko kate eskaini nahi dituzte Nafarroa Garaiko biztanle bakoitzeko. Hartara, 1.600.000 euskarazko kateko eskaintza izanen dute Nafarroako euskaldunek heldu den urtean. Horretarako crowfunding erraldoia eta etxez-etxeko puska-biltza abiatuko dute irailetik aurrera.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!