Hodei beltzaz josia aurrikusten da maiatzaren 24tik haratagoko Nafarroako etorkizun politikoa. NAFARROA WOWk atzo argitaratutako inkestak hogeitabosna eserlekuko berdinketa teknikoa ematen die aldaketaren aldeko zein kontrako alderdiei. Panorama horren aurrean zer egin? Hori argitu nahiean lanean ari dira ordezkari politikoak. Aukera ezberdinak dituzte esku artean.
Denetan pisu gehien hartzen hartzen ari dena Iñaki Perurena harrijasotzaile ohiak gidatutako gobernuarena litzateke. Alderdi ezberdinetako ordezkarien adostasuna lortu du Perurenak, harrigarria badirudi ere. Nafarroaren aldeko bere aldarriek norabide bateko zein bestekoen artean harrera ona izan dute eta Nafarroa Garaiko gobernuak bizi dezakeen krisi instituzionaletik ateratzeko lider egokitzat jotzen dute Perurena. Ez hori bakarrik. "Foru Erkidegoa krisi ekonomikotik atera eta behingoz funtziona dezan, ez zaigu bera bezain egokiagorik bururatzen" adierazi du orain arte gobernu funtzioetan ari izan den politikari batek.
Perurenak pentsatuta ditu gainera, berarekin salbuespenezko gobernua osatuko luketen zenbait kontseilariren izenak, hala nola Txumari Alfaro (Osasun saila), Karmele Galartza (Ingurumen saila), Patxi Izko (Ekonomia eta Ogasuna), Mariló Montero (Presidentetza, barne saila eta bozeramailetza), Mikel Urmeneta (Industria saila), besteak beste.
Edonola, Iñaki Perurena buru izanen lukeen Foru Gobernuaren proposamenak kale eginen balu, beste aukera batzuk ere aztertzen ari da Foru Erkidegoko intelligentsia:
- Iruñeko alkateak erabaki dezala foru presidentea, txupinazoa piztuko duen pertsona aukeratzen duen bezala. Urtero alderdi ezberdin batekoa litzateke, salbu Bilduren txanda izanen denean. Orduan Iñaki Perurena litzateke.
- Lorturiko ordezkaritzaren araberako presidentetza. Horrela hurrengo 4 urtetan UPNk 438 egunetan aginduko luke, Bilduk 262tan, Geroa Baik eta Podemosek 204na egunetan, PSNk 146tan, PPk 87tan eta Ezkerrak eta Ciudadanosek 58na egunetan, gutxi gora behera.
- Leon-Castillo.