Lema kolpea UPNren hizkuntza politikan: Esparzak apirilaren 25eko Anaitasunako ekitaldian parte hartzera deitu du

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroa Wow 2015ko api. 16a, 13:53

“Euskaraz bizi nahi dut“ goiburudun afixarekin argazkiak egin dituzte bai Esparzak baita Mayak ere.

“Ahalegin berezia egin nahi dugu nafar guztiengana iristeko, baita euskaldunengana ere”, adierazi du Javier Esparza zerrendaburu erregionalistak. Jarraian, azaldu du UPNk bat egiten duela apirilaren 25ean Anaitasuna kiroldegian euskaraz bizitzeko eskubidearen alde eginen duten ekitaldiarekin, eta iragarri du maiatzaren 24 kohauteskundeen ondotik Nafarroako presidente bada, orain arteko hizkuntza politika “errotik” aldatuko duela.

Erabaki hauek guztiak alderdiaren zaharberritzearen erakusletzat jo ditu Esparzak: “UPN berritzen ari gara, eta horretarako iraganeko hainbat kontu atzean utzi nahi ditugu, besteak beste, orain arteko hizkuntza politika, murrizketak,  Barcina…”. Halaber, erabakiaren gibelean foru erkidegoaren ezagutza sakona ere badagoela gaineratu du: “Ni Administrazio kontseilaria naiz, ongi ezagutzen ditut Nafarroako herriak, aski ongi dakit Erriberako ardoa bezain nafarra dela Mendialdeko haritza, gaztelera bezain gurea dela euskara”. Bere aurrekanpaina goiburua ere parafraseatu du: "UPN Nafarroaren bermea den bezala, euskara Nafarroaren bermea da".

Esparza, euskahaldun

Adierazpenok Nafarroako Jauregiko lorategian egin ditu Esparzak. Hara deitu ditu kazetariak, eta haien aitzinean egungo Nafarroako Gobernuko kide guztiekin azaldu da, “Euskaraz bizi nahi dut” dioen afixarekin batera. “Hemen iraganeko UPNko eta UPN berriko ordezkariak elkartu gara, euskaraz bizitzeko eskubidearen aldarrikapena egiten duen kartelarekin batera, argi gera bedi gure hizkuntza politikan lema kolpea egiteko tenorean, alderdi osoaren babesa dudala”, azaldu du. Hori bera argi uzteko, Iruñeko alkate eta UPN udal hauteskundeetako zerrendaburu Enrique Mayak “Euskaraz bizi nahi dut” dioen afixarekin azaldu da Iruñeko Udaletxeko balkoi nagusian.

Erabakiaren gibelean, inkestetako datu kezkagarriak

NAFARROA WOWk jakin ahal izan duenez, berriki empresa soziologiko batek inkesta egin du UPNrentzat, eta ikerketa demoskopiko horrek oso emaitza kaskarrak aurreikusten dizkio alderdi erregionalistari. Iturri horien beraien arabera, euskaldunen botoa erakartzeko saiakera hau botereari eusteko azken ahalegin desesperatua da. “Nahiago Nafarroa euskalduna Nafarroa gorria baino”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!