Amancio Ortegak eta Rupert Murdoch-ek interesa agertu dute taloaren sektorean, etekinen hazkunde etengabea ikusita

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroa Wow 2015ko api. 7a, 14:45

Talo batek 5 euro, garai bateko 831 pezeta edo 32,80 libera. %500eko etekin garbiak ematen dituen produktoa izanik, mundu mailako enpresaburu garrantzitsuenak talogintzan hasiko dira aurki.

Talogintza. Garai batean ahalmen ekonomiko urriko pertsonen ogia, egun negozio iturri. Izan ere, talogintza goraka doan produkzio jarduera da, azken urteotan etekinak esponentzialki handitu dituena.

Talo batek 5 euro

Garai bateko 831 pezeta edo 32,80 liberako prezioa ere jarri diete zenbait talogilek haien produktuei. Taloaren osagaien prezioa euro batekoa ere ez delarik, %500eko irabaziak eskuratzen ditu talogileak talo bakoitzeko. Amancio Ortega eta Rupert Murdoch bezalako mundu mailako enpresaburu boteretsuek negozio aukera paregabea ikusi dute sektore honetan.

“Ez dugu maila horretako etekin garbirik ematen duen beste produktorik ezagutzen. Taloak egin eta saltzeko nazioarteko katea abiatuko dugu aurki” adierazi du Amancio Ortegak, sektorean aurre hartzeak izan dezakeen garrantzia azpimarratuz. Abendutik dihardu Ortegaren holding-ak talogintzaren inguruko ikerketan. “Donostiko Santo Tomas-eko ferian izan ziren gure adituak, baita Abadiñoko San Blas-etan eta Luzaideko Bolante-egunean ere. Han jendea taloak 5 eurotan erosten ikusi genuelarik, ez genuen duda gehiagorik izan”.

Rupert Murdoch-en enpresa sarea ere komunikabideen mundua albo batera utzi eta talogintzan antzeman du aberasteko bidea. Galtzak bete lan ari dira nazioarteko talo-kate berria ahalik eta azkarren martxan jartzeko. “Izena erabakitzea baino ez dugu falta. Enpresa berriak McTalo, Talo-King edo Tele-Talo, hiru izenetako bat izanen du”

Euskaltzaindia ere bizkor

Talogintzaren sektoreak bizi duen gorakada aintzat hartuta, Euskaltzaindia ere bizkor aritu da eta Orotariko Euskal Hiztegiaren zenbait adiera aldatu ditu. Hartara, hemendik aurrera "urre-gorria" txistor taloari esanen zaio eta "urre-beltza" ez da dagoeneko petroleoa izanen, txokolate taloa baizik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!