Ez Guardia Zibila, ez Espainiako Polizia, ez Foruzaingoa, ez udaltzainak, ez eskuindarrak, ez mezatarako bidean diren edadetuak. Ez. Oraingoan, Korrikaren afixak, banderatxoak eta kartelak Nafarroako karrika zein errepideetatik berehalaxe kendu dituztenak bertze batzuk izan dira: Podemos – Ahal dugu alderdiko kideak, hain zuzen ere.
Izan ere, Euskalduntze eta Alfabetatze Erakundeak eta Nafarroako Podemos – Ahal Dugu alderdiak lankidetza hitzarmena sinatu dute bigarrenak “Eusk / Ahal / Dun!” leloa duten afixak eta pankartak berriz erabiltzeko aukera izan dezan. Akordioa gaur sinatu dute, Iruñeko Katakrak liburu dendan, Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusiak eta Laura Perez Nafarroako Podemosko idazkari nagusiak.
“Korrika 19ren ikonografia ikusi bezain laster, pentsatu genuen hor islatzen zena –kolore mordoiloa, buenrollismoa, ahalduntzea– guk islatu nahi genuenaren antzekoa zela eta diru gutxi gastatuta berriz ere erabili ahal izanen genuela”, esplikatu du Laura Perezek.
Sinergiak, diru gutxi gastatzeko bidean
Podemos alderdiak jaiotzetik izan duen gastuen kontrol politika zorrotzari erantzuten omen dio gaur sinaturiko akordioak. Hala, Podemosek zentimo bat ordainduko dio AEK-ri kaletik harturiko afixa edo pankarta bakoitzeko, eta bortz zentimo ordainduko dizkio erabili gabeko afixa edo pankarta bakoitzeko. “Nik uste aise aldatuko ditugula kartelak eta maiatzeko hauteskundeetan erabiltzeko moduan utziko ditugula”, azaldu du Perezek. “EUSK ezabatuta eta gure zirkulua non edo non paratuta, pentsatzen dut nahiko txukun geldituko direla”.
“Egin dezatela nahi dutena”, adierazi zuen Mertxe Mugikak, modu lakonikoan.
Korrika 19 martxoaren 19an abiatu zen Urepeletik (Nafarroa Beherea) eta urte nahiz hil bereko 29an da ailegatzekoa Bilbora (Bizkaia?). Abiatu eta hurrengo egunean sartu zen Korrika Nafarroa Garaian eta, jende gutxi horretaz ohartu bazen ere, herri bakoitzetik pasatu eta berehala desagertu ziren bidean paraturiko kartelak eta pankartak. Podemosko kideak lanean ari ziren seinale. Hitzarmena formalki gaur sinatu duten arren, aspaldi baitzuten lotua akordioa; duela hiruzpalau aste “Frantzian” eginiko bilera “diskretu” batean, antza denez.
"Hitzik ez" Iglesiasen inguruan
Prentsaurrekoaren bukaeran, hitzarmenaren gaia alde batera utzita, kazetariek Laura Perezi galdetu diote Pablo Iglesias eta Tania Sanchezen bikote harremanaren bukatzeaz. Laura Perez “harritu” egin omen da “halako galdera bat” entzunda, eta gaineratu du ez duela deus gehiago gaineratzeko. “Pablo den-dena aldatu zuen gizona da eta gehien miresten dudan gizona da, bai, baina horretaz gain ez dakit zer gehiago erraten ahal dudan nik”, bukatu du.