Ezker abertzaleak 'Hiztegi herrikoia' aurkeztu dio jendarteari goizean burututako prentsaurreko masiboan

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroa Wow 2015ko mar. 18a, 15:38

Ibon Sarasolaren gidaritzapean prestatu dute ezker abertzaleko erakundeei egokitutako hiztegi berria

"Euskaltzaindiak zapaldu egiten gaitu, guk gure bidea egin nahi dugu, euskaldun askeak izan nahi dugu, eta horretarako burutu dugu hiztegia". Gordinki mintzatu da Hasier Arraiz Sortuko presidentea. Izan ere, kokoteraino daude haien prentsa aurreko agerraldietan irakurtzen dituzten testuetan akatsak daudela aditzeaz. "Sare sozialak sortu zirenetik ezker abertzalearen aurkako jazarpen linguistikoa itogarri zaigu", esan du. Horregatik, Hiztegi herrikoia aurkeztu berri du ezker abertzaleak. Lan horretarako aditurik onenaren laguntza izan dute: Ibon Sarasola. "Hiztegi batua albo batera utzi ondoren proiektu berri bat behar nuen, berriro ere ilusioa pizteko bide bat", azaldu du aurkezpenean.

Proiektua Sarasolak gidatu badu ere, Arraizek argi utzi nahi izan du prozesu parte hartzaile baten emaitza izan dela hiztegia. Herri mugimenduko eragile guziekin bildu da Sarasola, eta haien ekarpenak jaso ondoren, bigarren bilera egin zuten ados zirenetz jakiteko. "Hirugarren bileran ohartu ginen hiztegia behin ere ez zutela irakurri, baina tira", onartu du Sarasolak.

Hiztegian ezker abertzalean ohikoak diren esamoldeak onartu dituzte. Adibidez, burutu hitzak ez du burura eraman esan nahiko, egin baizik. "Guk gauzak burutu egiten ditugu nahiz eta ez bukatu", azaldu du Arraizek. Bada beste hitz garrantzitsu bat: masibo. Hori lehenetsiko da jendetsu edo halako esamoldeak baztertuta. Manifestazioetan, berriz, jende andana izanen da beti. Bestalde, trikipoteo, bertsopoteo eta manifa bezalako hitzak jaso dituzte, eta beste hizkuntzetatik heldu diren hitz garrantzitsuak ere onartu ditu hiztegiak: lipdub, flashmobe, batukada...

Gizartea kanpora

Badira ere hiztegi batuak ontzat hartu arren hiztegi herrikoiak onartzen ez dituen terminoak. Horren adibiderik argiena gizarte hitza da. Ez da onargarria. Haren ordez, jendarte erabili behar dela dio hiztegi berriak. Berdin giza-kate, gizaki eta gizatasun bezalako hitzekin, jende-kate, pertsona eta jendetasuna erabiliko dira. Pertsona multzoari, berriz, peña esaten zaio, beti ere hiztegiaren arabera. "Zalantzak izan genituen, adibidez, giza eskubideekin. Azkenean pertsona eskubideak edo peñaren eskubideak onartu ditugu", azaldu du Sarasolak.

"Oso kontent gaude emaitzarekin eta gizar... jendarte osoari zabaldu nahi diogu hiztegia. Gaurtik hasita aurkezpenak burutzen ibiliko gara Euskal Herriko luze-zabalean", bukatu du Araizek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!