Alerta gorria astebururako, Zea Mays erauntsi arriskua dela kausa

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroa Wow 2015ko mar. 16a, 11:47

Larunbatean, martxoaren 21arekin, udaberria hasiko da, eta Euskal Herriko sare sozialetan 'Negua joan da ta' kantaren alimaleko uholdea espero du Aemet-ek.

Urtero errepikatzen den fenomenoa da: udaberria hasten den egunean, Euskal Herriko sare sozialak Zea Mays-en 'Negua joan da ta' kantaren bideoz betetzen dira. Alta, aurten uholde hori are larriagoa izatea aurreikusten du Aemet-ek, eta horregatik plazaratu du alerta gorria.

Euskalmet-en prentsa oharraren arabera, aurten badira hainbat faktore larrigarri: "Batetik, bezperan eklipsea izanen da, eta horrek jendea bultzatuko du natura kontuei gehiago erreparatzera; bestetik, Korrika martxan izanen da, eta horrek jendea bultzatuko du euskarazko kantak gehiago konpartitzera. Ekaitz perfektua da. Ekaitz perfektua da". Euskal herritarren izaeraren bilakaerak ere kezkatzen ditu Euskalmet-eko adituak: "Jendea gero eta ñoñoagoa da. Hori bistakoa da. Horretaz jabetzeko kalera irtetea aski da".

Faktore horiek guztiak aintzat hartuz, Euskalmet-ek 'Negua joan da ta' kantuak larunbatean Euskal Herriko sare sozialetan izanen zabalkundearen garapenaren mapa interaktiboa prestatu du. Hori ikuste hutsak alimaleko beldurra ematen du.

Alerta gorria iragartzearekin batera, Aemet-ek zenbait jarraibide oinarrizko zabaldu ditu: larunbatean sare sozialak soilik erabili baldin eta ezinbestekoa bada; eta zer gerta ere diabetikoak ez daitezela hurbildu ez sakelako telefonoetara ez ordenagailuetara egun osoan, abesti melenga hori entzunda glukosa gorakada ziurra da eta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!