Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak “gogor, tinko eta irmo” gaitzetsi du gaur goizean Iruñeko Foruen Monumentuko testu bati eginiko erasoa. UPN, PSN, PPN, Izquierda-Ezkerra eta Geroa Bairen ordezkariek babestu duten gaitzespen mozioan –EH Bildukoak abstenitu egin dira–, Nafarroako Parlamentuak adierazi du “Nafarroako askatasunen aldeko monumentuari erasotzea nafar guztiei erasotzea” dela.
Erasoa gaur goizeko 07:17an gertatu da, Sarasate pasealekuko hainbat bideo kameren grabazioek salatu dutenez. Ordu horretan, bi pertsona kaputxadun Comedias karrikatik atera dira eta ziztu bizian gerturatu dira Foruen Monumentura. Han, haietako batek euskarazko testu bat duen xafla zikindu du margo zuriaz eta bitartean bertzeak argazkia egin dio. Argazki hori Twitter bidez zabaldu dute gero ustezko erasotzaileek, @GiputxisGouJom kontu ezezaguna erabilita.
Gipuzkeratik nafarrerara
“Gu gaurko euskaldunok” hasiera ezaguna duen testua da margo zuriz zikindu dutena. Zehazki, “bildu” hitzaren gainean “elkartu” idatzi dute; “gera” “gara” bilakatu dute A bat margotuta; eta “degula” “dugula” bihurtu dute U bat pintatuta. NAFARROA WOW-ri eginiko adierazpenetan, Patxi Mendazo Foruzaingoaren inspektore eledunak esplikatu du badirudiela erasotzaileek testua “zuzendu” nahi izan dutela. “Nik ez nekien euskarak zenbait dialekto zituela, baina Erratzuko agente batek azaldu dit baietz, badituela hainbat, eta Foruen Monumentuko euskarazko testua gipuzkeraz idatzia dagoela, eta gaurko erasotzaileek nafarrerara zuzendu nahi izan dutela”.
Foruzaingoaren bertsioak azaltzen ahal du, bai, zergatik aldatu dituzten “gera” eta “degula” adizkiak. Baina ez du azaltzen zergatik “bildu” bilakatu duten “elkartu”, bi aditz horiek arazorik gabe erabiltzen omen baitira euskara nafarrean. Era berean, ez dago ulertzerik zergatik erasotzaileek ez duten ukitu euskarazko bertze testua. Bai, Foruen Monumentuan badira euskarazko bi testu, bat alfabeto latinoan idatzia eta bertzea alfabeto iberikoan. Bigarren horretan ere badira jatorri giputza salatzen duten hitzak; hala nola, “degu”, “eztegu” eta “ondo”. “Dirudienez, erasotzaileek ez dute alfabeto iberikoa behar bezainbertze ezagutzen eta ez dira hura margotzen ausartu”, bota du Mendazo inspektoreak.
EH Bildutik Libertate Nafarrera
Arestian erran bezala, EH Bildu osatzen duten Nafarroako Parlamentuko taldeek – Bilduk eta Aralar-Nafarroa Baik– ez dute gaitzespen mozioa babestu eta nahiago izan dute abstentziora jo. “Iragan astean 23 edukiontzi erre zituzten Zangozan, eta ez genuen gaia jorratu ere egin”, adierazi du Patxi Zabaleta Aralarko ordezkariak. “Orain, Marteko batzuk etorri, monumentua pixkat bat zikindu eta garai bateko dinamika zigortzailea jarri nahi izan dute berriz martxan. Gu ez gara joko horretan sartuko”.
Bere aldetik, Bildu koalizioko eledun Bakartxo Ruizek erran du Ezker Abertzaleak ez duela kontenplatzen “ezta hipotesi huts gisa ere” Ezker Abertzaleko inor egon daitekeenik Iruñean gertaturikoaren gibelean. “Ni neu saiatu naiz bertze alderdiko eledunei azaltzen nola erasoa ez den Nafarroaren aurkakoa izan eta gainera Bilduren kontrako eraso gisa ere uler genezakeela, ‘bildu’ aditza ezabatu baitute. Baina arraro begiratu naute, eta nahiago izan dut isildu”.
Parlamentuan oraingoz ordezkaritza ez duten alderdien artean, begirada guztiak Libertate Nafarra alderdian pausatu dira. Libertate Nafarrak berak bere burua interpelatua sentitu du eta horregatik prentsa oharra bidali du hedabideetara erasoaren inguruko bere ikuspegia azalduz. Hala, Libertate Nafarrak adierazi du alderdiak ez duela “inolako harremanik” eraso horrekin, baina “ulertzekoa” dela zergatik egin duten. “Nola da posible Nafarroaren askatasunen aldeko monumenturik behinenean euskarazko testuak gipuzkeraz idatziak egotea?", galdetu dute. "Tontoak gara, ala?”.