Mahaspasa baten marka. Halaxe definitu du Foruzaingoak Zangozako edukiontzi batean aurkitu duten hatz marka bat. “Ez zen hatz marka arrunta”, azaldu dio Patxi Mendazo inspektoreak Nafarroa WOW agerkariari. “Normalean, hatz markek espiralak dituzte, baina Zangozako edukiontzi erre batean aurkitu genuenak zimur bertikalen arrastoak zituen. Zimur asko eta asko. Hau da, usteltzetik gertu dagoen pertsona baten marka zen”.
Iragan asteburuan lehenbiziko Xabierraldia ospatu dute, eta horren karietara, ohi denez, jende saldoa bildu da Zangozara, parranda egitera, otoitz egitera. Testuinguru horretan, larunbatetik iganderako gauean, 23 zabor edukiontzi erre zituzten oraingoz ezezagunak diren ezezagun batzuek. “Berehalakoan baztertu genuen gertakariok kale borrokarekin zerikusia zutenik”, jarraitu du Mendazok. “Izan ere, halakorik ez da bertze inoiz gertatu Zangozan. Kasu bakarra da. Eta berezitasun horregatik, pentsatu genuen kanpoko norbaiten eskua zegoela honen guztiaren gibelean”.
Hatz markaren zimur arrastoak ikusi eta Xabierko San Frantziskoren beso ustelgabea edukiontzien erretzean nahasita egon zitekeela pentsatzen hasita, foruzainek Erromara deitu zuten, Gesu elizara, han gordetzen baitute eskuin beso sonatua. Telefonoa hartu zienak erran zien baietz, besoak betiko kutxan segitzen duela, mugitu gabe. Hala ere, jasotako erantzunarekin konforme agertu ez denez, Foruzaingoak erabaki du Erromara bi detektibe bidaltzea, beso ustelgabeak zangozako zaborraren arrastorik ez duela ziurtatzeko. Astebete barru jakinen ditugu ikerketaren emaitzak, bi detektibeak itsasontziz joatea erabaki baitute, haietako batek hegazkinez bidaiatzeari beldurra diolako.
“Erromes borroka”
Arestian erran bezala, Foruzaingoak segituan baztertu du edukiontzi hauek erre izana “kale borrokaren ondorio” izatea. “Egia da modus operandia kale borrokarena izan dela”, azaldu du Mendazok. “Sua erabili dute edukiontziak erretzeko, bai. Eta hori oso gauza argigarria da. Altsasun edo Iruñean erre izan balituzte, edo nik zer dakit, Nafarroa Oinez baten bezperan, ez genukeen zalantzarik izanen. Sare pelagikoa botako genukeen eta harrapatuko genukeenari talde armatuko kide izatea leporatuko geniokeen, bai eta homizidio saialdia ere, su garrek eraikin baten fatxadari eragin ziotelako. Baina Zangozan erre zituzten; Xabierraldi batean. Ez, ez, kale borrokarik ez. Erromes borroka, asko jota”.