Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 14 beka eskainiko ditu Urretxindorra proiektuan, Iruñeko eta Faltzesko hiru ikastetxetan, Lehen Hezkuntzako seigarren ikasmaila egiten ari diren beste hainbeste haurri adingabeentzako mentoretza sozialeko eta laguntzako programa batean. Programaren seigarren ediziorako aukeratu dituzten ikastetxeak hauek dira: San Jorge (gaztelania) eta Bernart Etxepare (euskara), Iruñekoak eta Faltzesko Doña Álvara Álvarez (gaztelania). Eskaerak aurkezteko epea irailaren 30an amaituko da. Ekimen honetan parte hartzen duten ikasleek urritik maiatzera bitartean egingo dituzten laguntzeko jarduerak. Unibertsitatearen webgunean ekimenari buruzko informazio gehiago dago eskuragarri.
Beka jasotzen duten ikasleak testuinguru soziokultural desberdinak dituzten haurren mentore izango dira, laguntza emateko eta haientzat eredugarri izateko. Programa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzako Gizarte Ekintzarako Unitateak sustatzen du, eta ikasturte osoan egiten diren jardueren jarraipena egiteaz arduratzen da.
Programaren helburua da harremanean jartzea unibertsitateko gazteak kultura eta testuinguru sozial ezberdinetako haurrekin, abiapuntutzat hartuta bien arteko harremana aukera egokia dela esperientzia berriak edukitzeko, trebetasunak jorratzeko eta pertsonen arteko harreman moduak lantzeko. Ikasleen eta adingabeen arteko elkarreraginak bultzatuko ditu ulermena eta aniztasunarekiko errespetua, azken urteetan sortutako testuinguru kulturaniztun berrian. Xedea da esperientziak onura ekartzea adingabeei, haien familiei, ikastetxeari, unibertsitateko ikasleei eta Unibertsitateari berari.
Deialdi hau zuzentzen zaie 2016-2017 ikasturtean matrikulatutako ikasleei, betiere bigarren ikasmailako edo hurrengo ikasmailetako ikasketak egiten ari badira graduko, gradurako egokitzapeneko, lehen eta bigarren zikloetako, graduondoko edo titulu berekietako titulazioetan. Eskatzaileek harreman pertsonaletarako trebetasunak eta gizarte gaietarako sentsibilitatea eduki behar dute.
Prestakuntza eta jarraipena
Deialdi publiko baten bidez aukeratutako ikasleek prestakuntza jasoko dute zenbait gaitan, hala nola aniztasun kulturalarekin lotutako gaiak, adingabeekin egoerei aurre egitea edo familiarekiko harremanak. Laguntzeko lanak jarduera ludikoak eta kulturalak izango dira haurren aisialdietan (bi eta hiru ordu bitarte astean) Unibertsitateak gainbegiratuko dituen hainbat irizpideri jarraikiz.
Ikasle mentoreen lan zehatza izango da harreman pertsonala garatzea adingabeekin, haiei laguntza eskaintzeko eta haientzat eredu positiboa izateko xedez. Gidaria izateak eskatzen du gaztetxoekin kalitatezko denbora eta arreta partekatzea eta jarduerak egitea, horien bidez beste itxaropen batzuk eta beste bizipen batzuk eskaintzeko. Jarduera bukatzean, ikasleek beren parte hartzearen ebaluazio txosten bat egingo dute. Parte-hartzaile bakoitzak beka bat jasoko du, jarduerak egiten diren bitartean sortzen diren gastuak ordaintzeko xedez. Horrez gainera, egiaztagiri bat ere jasoko du mentore gisa parte hartu duela egiaztatzen duena, eta hiru ECTS kreditu lortzeko aukera izango du.