Iruñerriko langileriak, frankismoaren garaian, klase identitate komun eta partekatua zeukan

Nerea Perez (Argazkia: NUP)

Hori adierazi du Nerea Pérez Ibarrolak, Gizarte Zientzietan eta Zientzia Juridikoetan graduatuak NUPen irakurri duen tesian.

Langile auzoetan bizitzearen, bizi-baldintza eta desberdintasun antzekoekin, eta fabriketan esperientzia eta arazo antzekoak partekatzearen ondorioz, frankismoaren garaian, Iruñerriko langileek berdintzat zeukaten beren burua, eta langile-identitate komun bat osatu zuten. Klase-identitate antifrankista honek azalduko luke Iruñeko langileriak diktaduraren azken urteetan lortu zituen antolamendu eta borroka maila. Hori da Nerea Pérez Ibarrolak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) euskaraz defenditu duen tesiak, “Langileria berri baten eraketa. Iruñerria 1956-1976” izenekoak, esaten duena.

Iruñeko langileriaren frankismoaren bitarteko historia garatzeko, ikerketak Iruñerriko langileen identitatea zer testuingurutan sortu zen aztertzen du: nolakoak ziren, zer nolako aldaketa sozioekonomikoak bizi izan zituzten, eta zer nolako errealitatean ibili ziren. "50.eko urteetan, hiriaren industrializazioarekin batera, Txantrea eta Errotxapea bezalako kanpo-auzoak hazten hasi ziren, eta urte batzuk geroago Sanduzelai eta Etxabakoitz. Denek antzeko ezaugarriak zituzten. Denak zeuden hala moduz eraikiak, eta haietan langileak bizi ziren, gehienak landa eremuetatik eta beste herri batzuetatik etorriak; gehienek metalaren industrian eta automobilgintzan lan egiten zuten. Auzoa ez ezik, errealitate sozioekonomiko berbera partekatzen zuten, baita bizimodua ere, eta horrek denak lagundu zuen gizarte-sare batzuk eta langile-identitate bat sor zitezen", dio Nerea Pérezek. Emilio Majuelo Gil Geografia eta Historia irakasleak zuzendu du tesia, zeinak bikain "cum laude" kalifikazioa lortu baitu.

Doktorearen arabera, auzoetan sortu ziren gizarte-sareek (kirol elkarteek, gizarte guneek eta aisialdirako guneek) eta mugimendu apostoliko laikoek, Iruñean ezkerreko kultur-politika kristau berria sustatzeko gune garrantzizkoak izan zirenek, langileria-identitate komun bat sortzen lagundu zuten, elkartasuna, senidetasuna, kolektibotasuna, berdintasuna, injustiziaren aurkako matxinatzea edo antikapitalismoa bezalako balioetan, besteak beste, oinarritzen zena. Fabrika, langileen batzordearen jatorria

Ikertzailearen arabera, auzoak giltzarri izan baziren ere langileria trinko bat finkatzeko, Iruñerrian 70.eko hamarkadaren urteetako lehen aldian gertatu ziren langile-mugimenduaren sorreraren, protesten eta errebindikazioen egiazko motorra fabrika izan zen. Fabriketan batzordeak sortzeak, hitzarmen kolektiboak negoziatzeak, Sindikatu Bertikalaren egituren barrutik hainbat langilek egin zuten lanak eta gatazkek berek aukerak eman zituzten, eta langileek aukera horiek baliatu zituzten elkarrekin lan egiteko eta aritzeko. "Fabrikan beren arazoei buruz hitz egin eta gizarteratzen zituzten, eta lehen batzordeen bidez —CCOO sindikatuaren jatorria izango zirenak— beren lan baldintzen hobekuntza eskatzen zuten".

Iruñeko fabriken barruan, antolamendu-eredu berri eta nabarmen bat sortu zen, gero Nafarroa osora zabaldu eta "diktaduraren azken urteetako gertakaririk esanguratsuenetako batzuetan gauzatu zena, nola baita 1973ko ekaineko greba orokorra, Motor Ibéricako langileekiko elkartasunaz, eta 1975eko urtarrileko Potasaseko meatzarien itxialdia".

Halaber, ikerketak erakusten du antifrankismoa izan zela identitate horren beste osagai bat, langileriaren baitara zabaldu baitzuen langileen errebindikazio sozioekonomikoek ez zeukatela etorkizunik diktadurak irauten zuen bitartean. Klase-identitate eta izaera antifrankista bat zen, beraz, kapitalismoari zilegitasuna kendu eta alde batean zein bestean alternatibak bultzatu nahi zituena. Ikertzaileak nabarmendu du beren identitatea sortzeko prozesu hartan, langileak jabetu zirela beren gaitasun eraldatzaileaz, eta horregatik diktaduraren azken urteak eta trantsizioa gizarte eraldatzeko aukera handi bat bezala bizi zituztela.

Tesiak, amaieran, gogoeta egiten du langileriaren ibilbideaz eta sortu zen identitateaz. Trantsizioa iritsi zenean, dinamika eta eragile berriak agertu ziren, baina langileria, aldatzen joan bazen ere, ez zen desagertu. Ikerketaren egilearen arabera, klase haren garapena esparru berrian, eta 90.eko urteetan eduki zuen eraldaketa sakona, etorkizuneko ikerketek argitu beharko dituzten erronkak dira.

Curriculum laburra

Nerea Pérez Ibarrola 2006an lortu zuen Historia titulua Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV-EHU). Ondoren, doktoretza ikaskekak egin zituen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, non "Historia eta Ekonomia" ikerketa taldeko kidea baita. Gainera, Gerónimo de Uztáriz Historia Ekonomiko eta Sozialaren Institutuko idazkaria eta zuzendaritza batzordeko kidea da. Dozena erdi bat artikulu egin ditu, bakarka edo taldean, hizlaria izan da UPV-EHUko udako ikastaroetan eta Gerónimo de Uztáriz Institutuak antolatutako jardunaldi batzuetan, frankismo berantiarreko eta trantsizioko gizarte mugimenduei buruzkoetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!