Huarte de San Juan aldizkariaren azken alean Nafarroako hamabi historialari eta legelarik beren bizitzan egindako lanaren azalpen bat duen dosier bat argitaratu dute. Dosierrak beren irakaskuntza eta lanbide ibilbide luzea eta beren ikerketa garrantzitsuenak aipatzen ditu. Orain dela gutxi erretiroa hartu duten pertsonak dira, eta beren ikerketak Nafarroari buruzko gai garaikideetan oinarritu dira. Aldizkari formatu digitalean argitaratzen da bakarrik, eta sarbide librean eskuragarri dago NUPeko erakunde biltegian .
Aldizkaria ostegun honetan 12:00etan aurkeztuko da Ikasgelategiko 018. ikasgelan. Eloísa Ramírez Unibertsitate Proiekziorako errektoreordea izango da ekitaldiaren burua, eta ale honetan aipatzen diren ikertzaile gehienek ere parte hartuko dute. Ekitaldia jendaurrekoa izango da.
Hamabi ikertzaileen profila askotarikoa da, historialariak, agirizainak eta legelariak baitira. Haietako lau Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak izan dira, baina Nafarroako Unibertsitatean, Unibertsitate Konplutentsean, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan eta Euskal Herriko Unibertsitatean lan egin duten irakasleak ere badaude.
Zehazki, honako hauek dira: Juan Cruz Alli Aranguren, Victor Manuel Arbeloa Muru, Tarsicio de Azcona, Reyes Berruezo Albéniz, Javier María Donézar Díez de Ulzurrrun, Juan José Martinena Ruiz, María Cruz Mina Apat, Gregorio Monreal Cía, Marysa Navarro Aranguren, Ignacio Olávarri Gortázar, Alberto Pérez Calvo eta Rodrigo Rodríguez Garraza.
“Huarte de San Juan. Geografía e Historia” aldizkaria Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateak argitaratzen du eta Ángel García-Sanz Marcotegui Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historia Garaikideko katedradunak koordinatzen du. Ale honetan, hamabi ikertzaileen lanaren azalpenez gainera, bi artikulu daude. Lehenengo artikuluaren izenburua “Eliza Katolikoaren eta Falangeren arteko borroka zinematografiaren eremuan” da, Reyes Recarte Iglesiak idatzi du eta Espainiako zinematografia-aparatuaren kontrola dela-eta bi erakundeen artean izandako tirabirak aztertzen ditu.
“Terrorismoaren biktimak. Errelatoaren auzia” da bigarren artikuluaren izenburua, eta Luis Castells Arteche da egilea. Testu hori ETAk hildako José Luis López de la Calleren oroimenez duela urtebete emandako hitzaldi baten parte bat da, eta terrorismoaren biktimek Euskadin nola tratatzen dituzten aztertzen du testuan.