Gaur egun pandemia ez den beste zerbaiti buruz hitz egiteak ausardia handia dakarrela jakin arren, oharkabean pasa daitekeelako edo okerragoa litzatekeena, batzuek uste dezaketelako inori ez zaiola interesatzen orain gai jakin batzuei buruz hitz egitea, gauza da aurkezten dugun gaiak, familia batzuen bizitza ere alda dezakeela, hurrengo 9 urteetarako behinik behin, hori baita euren seme-alaben Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako eskolatzeak iraungo duena. Nafarroako D ereduko ikastetxe publikoetako zuzendaritzen elkartetik gure ekarpena egin nahi diogu Mendigorrian D ereduko lerro bat irekitzearen aferari.
Zuzendariak garen aldetik, ez ditugu politikarekin zerikusi handiagoa duten aspektuak baloratu nahi, baina teknikoagoak diren alderdiei buruz gure ikuspuntua ezagutarazi nahi dugu, gure ustez hori baita dagokigun esparrua .
Hezkuntza Departamentuak bere zuzendari nagusiaren eta kontseilariaren bitartez komunikabideetan erabili izan duen argudioetan, eta Nafarroako Parlamentuan egindako galdera zehatz bati erantzunez, bi araudi aipatzen ditu nagusiki. Batetik, 41/2016 Foru Agindua, eremu ez-euskalduneko ikastetxe publikoetan D ereduko unitate bat irekitzeko ikasleen gutxieneko ratioa ezartzen duena, eta, bestetik, 80/2019 Foru Dekretua, uztailaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoen sarea berrantolatzen duena.
41/2016 Foru-aginduarekin hasita, esan behar da bere eragin-eremua eremu ez-euskaldunera mugatzen dela,Mendigorria eremu mistokoa denean; beraz, hasiera batean, ez luke kasu honetarako baliorik izango, eta, gainera, landa-eskoletan ez dago gutxieneko ratiorik. Oinarri horretatik abiatuta eta hori kontuan hartu gabe, uste dugu azpimarratzekoa eta guztiz beharrezkoa dela iritzi publikoari azaltzea aurreko Gobernuak onartutako foru-agindu horretan, argudio guztiz oker bat dagoela, inolako ikuspegi teknikotik nekez onar daitezkeen silogismo batzuk gauzatuz. Hona hemen funtsezko paragrafoa:
"... inguruko ikastetxe publikoetan euskarazko irakaskuntzari buruz aurreikusten den eskaria kontuan hartuta, litekeena da 2017-2018 ikasturtean maila bat baino gehiagoko ikasleak taldekatu behar izatea; beraz, unitate bat irekitzeko gutxieneko ratioa ezartzerakoan, erreferentziatzat hartu da Hezkuntza Departamentuak ikasleekin osatzen diren unitateetan ratio hori ezartzeko erabiltzen duen irizpide orokorra. Ratio hori (...) 16 ikaslekoa da bi ikasmaila ezberdineko ikasle-taldeen kasuan, eta 14 ikaslekoa hiru ikasmaila elkartzen badira.
Zentzuzkoa dirudi kontuan hartzea Haur Hezkuntzako ondoz ondoko bi ikasmailako ikasleak gehienez 16 ikaslerekin taldekatzen badira unitate batean, 2016/2017 ikasturtean unitate bat irekitzeko, gutxienez erdia izan behar dituela, hau da, 8 ikasle, baliabide publikoen kudeaketan arrazionaltasun-irizpideak aplikatuz ikasleen eskubideak bermatzen direla ulertuta ".
Barkatu gehiegi luzatzen bagara, baina orain modu errazagoan azaltzen saiatuko gara. Esaten duena da, arau gisa, Departamentuak gehienez 16 ikasleko ratioa ezartzen duela bi adinetako ikasleak batzen badira; horrek esan nahi du 16 ikasletik gora egiten badute, automatikoki bi ikasgela izan beharko liratekeela, adinak nahasten ez diren ikastetxeetan 25etik gorako ratioa gainditzen denean gertatzen den bezala. Ratio MAXIMO hori hartuta, erdibitzen dute, logika harrigarri bati jarraituz, ratio MINIMOA 8 izan dadin. Hau da, ratio MAXIMOA erabiltzen dute, lerro berri bat ireki nahi denean MINIMOA ezartzeko. Adibide honekin Iruñeko ikastetxe batean ezin izango zen lerro berri bat ireki gutxienez 12,5 ikasle ez baleude. Zentzugabekeria bat da, bistan da.
Aipatzen den beste lege-oinarria 80/2019 Foru Dekretua da, Nafarroako eskola-sarea berrantolatzen duena, edo “eskola-mapa” bezala ezagutzen dena. Dekretu horretan eremu bakoitzeko erreferentzia-zentroak zein diren zehazten da, hizkuntza-eredua zehaztuz. Berrantolaketa horrek egoera kontrajarriak sortzen ditu; izan ere, aukera ematen du herriren batean D ereduko ikasleak garraiatzera behartzeko, baina ez ordea A/G eredukoak, laster euskarazko eskaria gaztelaniazkoa baino handiagoa izatea aurreikusita dagoen arren, Mendigorria kasu. Azken urteetan, bertan gertatzen ari den bezala, gera daitezkeen familien erdiek herritik atera behar al dute? Ikastetxean mantentzen den eredu bat eskatzen duen ikasle bakar batek eskubide gehiago al du, beste eredu bat hautatzeagatik herritik joan behar duten sei ikaslek baino? NIZEn uste dugu denek egon beharko luketela haien ingurunean eta haien errealitatean, hezkuntza integral eta hurbilean sinesten baitugu, premia bakoitzari modu eraginkorrenean erantzuteko ezinbesteko tresna gisa.
Hain zuzen ere, horrelako egoerak zuzentzeko, dekretuak berak artikulu zuzentzaile bat jasotzen du horrelako bidegabekeriak saihesteko, nahi izanez gero, egun batetik bestera gauzatu daitekeena:
“2. Hezkuntza-eskumenak dituen Departamentuko Kontseilariari ahalmena ematen zaio ikastetxeen konposizioak aldatzeko, ikastetxeak elkartzeko, ikastetxeen, hezkuntza-lerroen eta unitateen atxikipena aldatzeko edo beste edozein antolamendu-aldaketa jasotzen duen administrazio-espedientea tramitatu eta onartzeko.”
Legea zorrotz betetzen dela esaten denean paradoxa sortzen da, legea bera baita argi uzten duena erabakia borondate kontua dela; estrategikoa, hezitzailea, politikoa... baina borondatea, azken finean; izan ere, Mendigorrian edo beste leku batean lerro berri bat irekitzea erabakiko balitz ere, legea zorrotz beteko litzatekeelako.
Departamentuak, erabilitako euskarri legal labainkorraz aparte, familiei eta inplikatutako zuzendaritzei helarazi dizkien jarraibideak ondokoak izan dira, besteak beste: matrikula-inprimaki ofizialak ez jasotzea, inprimaki horiek ez zigilatzea, Mendigorrian D eredua aukeratzeagatik garraioko eta jangelako diru-laguntza galtzearekin mehatxatzea azkenean Garesera joan behar izatekotan edo, familiei euren lehen aukera zen ikastetxean matrikula gauzatzea debekatzerakoan, 31/2007 Foru Dekretua eta 8/2015 Foru Agindua ez betetzea. Aurreko guztia kontutan hartuta, uste dugu borondatea izan badela, baina ez, hain zuzen ere, familia horiek euren seme-alabak beraien herrian hezteko duten eskubideari behar bezala erantzutekoa.