Iruñeko Haur eta Lehen Hezkuntzako D ereduko Ikastetxeetan harriduraz hartu dugu aurten Udalak «Herri Administrazioaren ziurtasuna» ataletik bidalitako mezua, inauterietako ohiko kalejirarako baimen eskaerari ezetza ematerakoan. Gainera emandako arrazoiak zeintzuk diren ikusita, gure haserrea eta kezka adierazi nahi dugu.
Batetik haserrea, guk emandako proposamenei uko egiteagatik eta bestetik kezka, ikastetxeetan egiten ditugun ospakizun kulturalak ez babesteagatik eta bereziki haurtzaroaren kulturarekiko sentsibilitate faltarengatik.
Prentsan otsailaren 6an atera ziren datuei erreparatuz, Labairu jaunak esan zuen “udalak 40 eskaera izan zituen. Horietatik 17 baimendu zituzten, 3ri ezetza eman eta 19ren eskaerak aztertzen ari ziren.”
NIZEtik adierazi nahi dugu Iruñean, sare publikoan D ereduko 9 ikastetxe gaudela (Amaiur Ikastola, Bernart Etxepare, Buztintxuri, Elorri, Hegoalde Ikastola, Mendigoiti, Patxi Larraintzar, Sanduzelai eta San Frantzisko). Horietatik seik kalejirarako baimena eskatu dugu eta bakarrik biri eman diote baiezkoa. Sei eskaeretatik biri bakarrik beraz.
Jasotako erantzunean bi puntu adierazten ziren: bat, udaltzaingoa ez dela horretan arituko (ez omen dago udaltzain nahikorik horretarako) eta bi, trafikoa ezin dela gelditu. Beraz, egitekotan espaloitik joan behar dugula.
Gure proposamenetan, gurasoen laguntzarekin trafikoaren afera konponduko genuela esan zaie baina hau ere ez dute onartu. Inauterien eguna iristeko egun gutxiren faltan gauden honetan, badira erantzunik jaso ez duten ikastetxe batzuk, nahiz eta hasierako ibilbidea moldatu izan ikasleekin espaloitik joateko.
Egoera oso berezia sortzen du honek. Ikastetxe guztietan bada urtero Hezkuntza Departamentuari helarazten zaion dokumentu ofizial bat non ikasturtean zehar aurrera eramango diren jarduera guztiak zehazten diren, urteko programazio orokorra.
Bertan eskolatik kanpo eginen diren jarduerak azaltzen dira, eta logikoa den bezala, jarduera horietakoren batek bestelako baimenik beharrezkoa egiten badu, kalejirak kasu, udalari ere baimena eskatu beharra zaio, galtzada erabili behar bada, adibidez. Udalak orain hartu duen erabakiak ordea oso egoera bitxia sortu du, ikastetxe askotan udalaren baimenaren zain baikaude, ikasleekin espaloitik joan eta zebra bideetatik gurutzatzeko.
Hemendik aurrera orduan, ikasleekin edozein irteera egiterakoan, espaloitik joanda, udalari baimena eskatu beharra zaio, Hezkuntza Departamentuari jakinarazteaz gain? Alde zaharreko museoak ikusteko, antzokietan obrak ikusteko, auzoko parkeetara joateko edo Baluartera kontzertu batera joateko, hiriko segurtasun arduradunaren baimenaren zain egon
beharra dute ikastetxeek? Berriz esanen dugu, ikasleekin espaloitik joan eta kaleak zebra
bidetik gurutzatzeko? Zein da arazoa?
Zalantza asko eta gardentasun gutxi ikusten dugu eta horregatik gure haserrea eta kezka
jakinarazi nahi diogu udalari eta jendarte guztiari.
NIZEko Iruñeko Ikastetxeak (Nafarroako Ikastetxe publikoetako Zuzendaritzakideen Elkartea).