Nafarroako ikastolen 50. urteurrena gogoratzeko eginiko liburua. Ikastolen sorrera eta orain arteko ibilbidea kontatzea
du helburu: Iruñeko Uxue Ikastola sortu zenetik orain artekoa.
Dena den, egileak atzerago egin du, ikastolen mugimendua ulertzeko beharrezkoa zelakoan. Horregatik, XIX. mendeko Euskara Elkargoko euskaltzaleen lana eta kezkak aipatzen dira (Arturo Campionenak, bereziki) baita gerra aurreko hiru euskal eskolen sorrera ere, oraingo ikastolen aurrekari argia direlako: Iruñea, Lizarra eta Elizondokoa.
Frankismoaren gau luzean ere badira aipatu beharreko argi-izpi batzuk: Diputazioak bultzaturiko Euskal Akademia
(1950) eta Vianako Printzea erakundean sorturiko euskararen aldeko saila (1954), hori ere Diputazioaren babespean. Biak, bereziki azkena, funtsezkoak izan ziren ikastolen sorreran eta, horregatik, horren berri ere ematen da.
Historiaurrearekin amaitzeko, Irantzu Ikastola aipatzen da. Zabaldu behar zuten egunean gobernadoreak itxiarazi
bazuen ere, 1963ko hura izan zen gerra ondorengo lehena.
Liburuaren bigarren zatian Uxue Ikastolaren sorrera eta ibilbidea kontatzen dira, hura izan baitzen lehena, bidea urratu zuena. Gaur egungo 15 ikastolek kapitulu bana dute. Bertan bakoitzaren datu nagusiak eta ibilbidea gogoratzen dira, argazkiz ongi hornituriko erreportajean. Kapituluen amaieran, ikastola bakoitzari loturiko lagun batentestigantza ere jasotzen da (sortzaile, irakasle, guraso eta ikasle ohiak dira testu horiek idatzi dituztenak, beti ere ikuspegi pertsonaletik).
Eta, azkenik, liburuaren hirugarren zatian Nafarroako Ikastolen Elkartearen berri ematen da, eta ikastolen etika-balioak azpimarratzen dira, testu eta argazki sorta baten bidez.
Konklusio batzuk:
Ikastolen sorrera apustu ausarta bezain zaila izan zen: ez ziren legezkoak, irakasle tituludunik ez, material falta, diru arazoak, garaiko giro politikoa... den-dena kontra. Eta, hala ere, aitzina egin zuten, ilusio ikaragarria zegoelako.
Ikastolen sorrera funtsezkoa izan zen Nafarroan galbidean zegoen euskara berpizteko. Eskola zen herriak erdalduntzeko tresna eraginkorrenetakoa, hori Campionek-eta XIX. mendean salatua zuten. Bada, ikastolen sortzaileek argi ikusi zuten eskolan jokatzen zela euskararen hil ahala biziko apustua. Eta horretan bete-betean asmatu zuten.
Horretaz gain, aipatzekoa da ikastolek pedagogia berria ekarri zutela, nabarmen modernizatu zutela garaiko irakaskuntza. Gogoratu garai hartan neskak eta mutikoak gela berean sartzea iraultza bat izan zela, gainerako ikastetxetan segregazioa baitzen araua. Hori pedagogia berriaren zantzu bat besterik ez da. Beste batzuk: hiru urtetan hasi, eskolaz kanpoko ekitaldiak, ikasle eta irakasleen arteko harremanak, materiala, berritzeko gogoa... Eta, noski, ikastolen kudeaketa sistema ere, kooperatibak izanik gurasoek parte hartzen baitzuten ikastetxearen eguneroko
martxan, beste inon ikusi gabeko protagonismoa hartuz. (Izan ere, beste ikastetxeak erlijiosoek kudeatzen zituzten, edo estatuak izendaturikoek). Beraz, irakaskuntzan zokoraturik zeuden euskara eta euskal kultura ereduaren ardatz bihurtzeaz gain, eskola-eskaintza aberasteko eta hobetzeko funtsezkoak izan ziren. Azkenik, 80ko hamarkadan hedatzen hasi zen irakaskuntza publikoa ikastolen ereduan oinarritu zen.
Azken 50 urteotan ikastolen alde aritu diren guztiei dago dedikatua liburua. Egia da izen eta izan asko aipatzen direla testuan. Jende askorekin hitz egin eta testigantza asko bildu dira. Horiek guztiak ikastolen historia eta istorioen protagonistak izan dira. Izenak aipatzen hasteak, ordea, badu arrisku bat: beste izen eta izan asko kanpoan gelditzen direla. Hemen ere halaxe gertatu delakoan gaude, ezinezkoa baita auzolanean oinarrituriko ikastoletan ibilitako guztiak aipatzea.
Liburuan idatziriko eskaintzak balioko ahal du hainbeste euskaltzalerekin harturiko zorra kitatzeko!