Atzoko Berrian euskara eta migrazioen arteko harremanez idatzi zuen Pako Sodupek, eta bertan aipatzen diren argudio batzuen inguruan bi iruzkin historiko egitea beharrezkoa ikusten dut, beti ere eztabaida aberaste aldera.
Euskaldunon historian migrazioa konstante bat izan da azken mendeotan, eta migrazio horien barnean kokatu behar dira Afrika eta, batez ere, Amerikako lurralde askoren konkista eta kolonizazioa. Ez litzateke guztiz egokia esatea, beraz, emigratzen zuen euskaldunak tokiko hizkuntza ikasi beharra zuela. Izan ere, indigenen desjabetze material eta kulturalaren erantzule izan ziren horietako asko, Patagoniatik Artikora, Atlantikoaren alde batean zein bestean. Erantzukizun maila, noski, oso bestelakoa izan zen, hortik atera zituzten etekinak bezala.
Aldi berean, XX. mendean espainiar estatutik Euskal Herrira etorritako etorkinen ondorengoak gara gaur egun euskaraz mintzo, idatzi, irakatsi edota ikasten dugunon portzentaje handi bat. Ekarpen hori gabe ezinezkoa litzateke XX mendean euskarak izandako berreskurapen prozesua ulertzea, eta esperientzia horiek ezinbesteko erreferentzia izan beharko ziren, nire ustez, XXI. mendean.
Bi iruzkin labur dira hauek, errealitate konplexu batean aintzat hartzekoak, nire ustez. Azken batean, akulturazio prozesuak aztertzerakoan, guztiz beharrezkoa dugu Sarrionandiaren galdera ezagun eta zaila: Moroak al gara behelaino artean?
Etorkinak gero eta gehiago dira Euskal Herrian, eta gero eta gehiago izango dira aurrerantzean, ezinbestean. Horietako askoren eskubide politiko, kultural eta laboralak zapalduak diren bitartean, nola erakarri euskara? Horixe da erronka nagusia, eta horretan ari dira lan interesgarriak egiten euskalgintzako hainbat eragile.