Ohikoak dira, zoritxarrez, euskarazko irakaskuntza publikoaren hedapenari trabak jartzeko nafar administrazioaren argudio batzuk, behin baino gehiagotan eskariaren inguruko datuak izkutatuz, gorantz doan eskari soziala geldiarazi nahian.
Egunotan berriro ere errepikatzen ari da egoera hori Alaitz Bigarren Hezkuntzako Institutuarekin. Aurrematrikulatuen kopurua iaz baino altuago izan arren, batxilergoko talde bat kendu nahi du Nafar Gobernuak hurrengo ikasturterako, taldeen gehienezko ratioa lortzen ez dela argudiatua.
Alde batetik, matematiken erabilera okerra dugu hau: ratioak maximoak dira, eta oraingoan gutxieneko gisa aplikatu nahi ditu gobernuak. Guztiok dakigu hobe dela gehienezko kopuru horiek ez lortzea, hezkuntzaren kalitatea hobetu ahal izateko.
Bestetik, irakaskuntza publikoaren aurkako arazo argia da, non eta testuinguru batean zeinean institutu publiko batek zentro pribatu batetik, Jaso ikastolatik, alegia, ikasle asko erakartzen dituen.
Nora joan beharko lirateke ikasle horiek? Erderaz ikasi? Euskarazko zentro pribatu batera bideratu? Berriro ere norabide maltzur batetik abiatzen da Hezkuntza Kontseilaritza, euskarazko hezkuntza publikoari trabak jarriz.