Galdera asko, erantzun gutxi

Erabiltzailearen aurpegia Fernan Mendiola 2022ko ots. 25a, 13:24

Arriskua agerian bazegoen ere, harritu egin gaituzte Ukrainatik heldutako irudiek. Harridura, kezka, eta jakinmina ere. Zeintzuk dira gerra honen arrazoiak? Ez dakigu asko Ekialdeko Europako historia hurbilaz, eta dexente irakurri beharko dugu iritzi sendoak izateko, erantzun errez eta azkarrez haratago, faktore asko baitaude jokoan.

Horien artean, baina, oso agerikoak dira bi dinamika arriskutsu.

Alde batetik, gerra hotza bukaturik, Europako segurtasun sistema erakunde militarista batean oinarritzeko erabakia. Errusia berriarekiko aliantza sendoak sortu beharrean, NATOren zabaltze prozesua bultzatu zuten gerra hotzaren irabazleek, garaiko aditu eta eragile askoren iritziaren aurka. Behin baino gehiagotan iragarri zuten hauetako askok logika militarista horrek desorekak eta arriskuak ekarriko zituela laster Europako ekialdera.

Bestetik, berriro ere lehen planoan dugu historiaren erabilera nazioak identifikatze aldera. Armak erabili aurretik, historia erabili zuen Putinek asteleheneko bere diskurtsoan. Ukrainako biztanleen iritzia edozein izanik ere, nazio bereko kideak omen dira errusiar eta ukrainarrak. Historiak, historiaren erabilerak, halaxe agintzen omen du. Ezagunak ditugu, geurean ere, antzeko argudioak, batzuei errazago baitzaie argudio historikoak sortzea, prozesu demokratikoak abiatzea baino.

Edozein modutan, gerrak aurrera darrai, eta ezinbestekoak dira mobilizazioak, gerra berari zilegitasuna kentzeko, eta aldi berean gerrak sortzen dituzten dinamika militaristak ere desmuntatzen saiatzeko.

NATOko entrenamendu eremua diren Bardeetatik hasita.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!