Zaila bada ere, bada bat, Caparrosoko etxalde handian dauden 7.000 inguru behien artean, ihes egitea lortu duena. Nekez atera da bertatik, ta ihes betean zegoela, zorioneko andre bat topatu du, Atxagaren nobelan Paulinek Mo behiari bezala, belar freskoa ematen diona. Zorioneko andrea, eta zorioneko gutizia.
Ez dakigu zenbat biziko den gure behia bere lagun berriarekin, baina hortxe, belar freskoa jan bitartean, etengabekoak dira Caparrasoko infernuari buruzko oroitzapenak, eta amesgaizto horietan, Mo behiaren memorietan bezala, behin baino gehiagotan agertzen dira bere garaiko indar suntsitzaileetako protagonistak.
Kasu honetan, Antiaju Berde frankistaren ordez, Valle de Odieta entrepresa dugu, abeltzaintza industrialaren abangoardian dagoena. Natura ez ezik, bestelako abeltzaintza ereduak aurrera eramateko aukerak suntsitzen dituen industria baten adibide argia.
Norbaitek idatziko al ditu noizbait Caparrosoko behi horren memoriak? Zaila da hori erantzuten, baina nobela hori heldu bitartean, hilabete honetako Hordago aldizkarian badugu etxalde horren inguruko erreportaje fina. Beldurgarria ez ezik, erresistentziarako argudio sendoz beterik.