Urtea bukatzear dugula, berriro ere kobid olatu bat. Seigarrena, alegia. Txertoei esker eragin askoz apalagoa izanen du, eta ondorioak ez dira, antza, horren larriak izango. Hala baina, txertoen arrakastak ez luke izkutatu behar gure Osasun Zerbitzuaren egoera makala.
Konfinamendu gogorraren garaian lagun artean eztabaidatzen genuen, ea balkoietako txaloek zerbaitetarako balioko ote zuten, ea beraien oihartzunak osasun zerbitzuak hobetuko lituzkeen. Nire ustez, argi dago zaintza lanen garrantzia azpimarratzeko balio izan zutela, zerbitzu horiek agenda publikoaren lehen orrialdean jartzeko.
Edozein kasutan, ia bi urte beranduago, egoera larrian jarraitzen dute Osasun Zerbitzuek, Lehen Arretakoak bereziki. Aste honetan bertan Nafarroako Osasun Plataformak salatu duenez, Nafar Gobernuak iragarri dituen hobekuntzak, beharrezkoak izanik ere, apalak, geldoak eta ez nahikoak dira.
Honek berriro jartzen du mahai gainean gastu publikoaren lehentasunen auzia. Izan ere, Nafarroan zein Espainiar estatuan berriki onartutako aurrekontuetan onura sozial gutxiko xahubideak mantentzen dira, horien artean trenbide soziala desegituratzen duen Abiadura Handiko Trena, edota defendatzen ez gaituzten gastu militarrak.
Dirutza bereganatzen duten proiektu horien bidez, AHTak eta gerra hegazkinek sorturiko burrunba txaloen oihartzuna isildu nahian dabil.