Hitzen eta argazkien semeak

Erabiltzailearen aurpegia Fernan Mendiola 2018ko ira. 21a, 15:03

"Barrakoiak harrizko horma batez eta egurrezko oholez eginak zeuden. Bi solairu zituzten lotarako eta sabaian txapa bat. Elurra ari zuenean, manta artean sartzen zitzaigun". Horrela deskribatu zizkigun Andrés Millán granadarrak Igariko frankismoaren esklaboen barrakoiak 2003ko udaberrian. Igariko toki horretan, baina, ez zegoen horren arrastorik. Barrakoiei buruz genekiena gabitu horren deskripzioa zen, besterik ez.

Urtebete beranduago, Xabier Santamaria-Amurrio gatibu barakaldarraren argazkiak erakutsi zizkigun bere semak, eta horietako bat ikustean harriturik gelditu ginen Edurne Beaumont eta biok. Igariko barrakoi baten ondoan agertzen zen bere aita. Inoiz ikusi ez, eta hainbestetan entzuna genituen barrakoi horietako baten ondoan. Argazki horretan islatzen ziren, jakina, Andrésen hitzak. Berak irudikatu bezalaxekoa zen barrakoia.

Irailak 29an Igarira etorriko dira Andrés eta Xabierren semeak, haiek ere Andrés eta Xabier izenekoak, egun horretan Zaraitzuko Ibarreko erakundeek eta Nafar Gobernuak barrakoi baten inaugurazioa prestatu dutelako. Berreraikuntza lanetan ibili dira udan jatorri ezberdinetako hainbat gazte, auzolandegi batean, eta guzti horiei esker Zaraitzuko mendien artean gorpuztu dira Andrésen hitzak eta Xabierren argazkia. Irailak 29an haien semeak bertan elkartuko dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!