Alde Zaharreko osasun demografikoa

Erabiltzailearen aurpegia Fernan Mendiola 2018ko urt. 19a, 13:23

Azkenengo urtean gora egin du Iruñeko Alde Zaharreko biztanleen kopuruak. Berri pozgarria, azken hamarkadako joera hautsi egin baita. Izan ere, 2007 eta 2017 bitartean mila biztanle inguru galdu baitzituen Alde Zaharrak, haietako gehienak estatutik kanpoko etorkinak.

Berri honek, dena den, gure hiriko osasun demografikoak dituen mehatxu zahar eta berriak ezin ditu ezkutatu. Izan ere, nahiz eta gure Alde Zaharreko egoera ezberdina izan, presio turistiko hazkorrak beste hirietan izandako eragin kaltegarriak izan dezake, eta Unzuko eraikinean aurreikusitako hotela horren isla argia da. Ongi etorria, beraz, pisu turistikoak mugatzeko udalak berriki hartu duen erabakia.

Hala ere, Alde Zaharrean bizi izateko arazo nagusia ezin da, inolaz ere, turismoaren presiora mugatu. Azken hamarkadetan modu nabarmenean kaltetu du UPNeko udal gobernuak biztanleen egoera: tabernak irekitzeko erraztasunak, eta aldi berean ekipamendu kulturalentzako oztopoak (horra hor gaztetxea, liburutegia edota San Frantzisko eskolaren inguruko eztabaidak). Etxeetako ekipamenduetan, bestalde, behar baino txikiagoak izan dira igogailuak edota isolamenduak jartzeko diru-laguntzak.

Beraz, oraindik ere politika ausarta behar da etxeetako eta auzoko ekipamenduak hobetzeko, eta norabide horretan pozez hartu dugu bizikletentzako aparkaleku berria. Halakoetan dago, ene uste apalean, auzoko osasunaren giltza.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!