Ostegunero, Alde Zaharretik abiatuta, manifestazio bat abiatzen zen Iruñeko espetxeraino. Urteak eta urteak, ostegunero. Intsumisioaren inguruan ibili ginen guztiok horietako batzuetan parte hartu genuen. Espetxe barrenetik ere sentitzen genituen. Jende asko, bai, baina hala ere, ez ziren asko astero, ostegunero, hilabetero, bertaratzen zirenak. Horiexek ziren AFOINAko kideak, intsumituen senitartekoen elkartekoak.
Horietako batzuk, Bea eta Fuencis, kasu, zigor berezia pairatu zuten, haien semeak, Toñín eta Alex, dispertsatuak izan baitziren. Bearen beste seme bat ere, Iñigo, giltzapeturik izan zen intsumiso izateagatik, eta Alex, hortik gutxira, berriro ere epaiturik eta zigorturik izan zen, presoekiko elkartasuna bultzatzeagatik. Urte luzeak pasa zituzten giltzapetuak maitasunez zaintzen.
Urrun gelditzen dira intsumisioaren urteak. Denbora aurrera doa, eta heriotzak ere, poliki poliki, bere lanari ekiten dio. Ezin ahaztu, baina, zuen parte-hartzea borroka antimilitaristan. Ezin ahaztu ostegunero espetxeko harresiak gainditzen zituzten elkartasun oihuak. Mila esker, bihotzez, Bea eta Fuencis.