Jakina da. Gure inguruko hirien artean, udaltzainen ratio altuena dugu Iruñean. Ez da kasualitatea, alta. Azkenengo urteotan hainbat zerbitzu sozial baztertu, eta orden publikoaren politikak indartu zituen UPNk, Simon Santamaría lagun, eredu militarizatu batekin. Hala ere, aldaketaren udalak kopuru horri eusteko politika hartu du, eta deigarria, eta kezkagarria batez ere, egiten zait enplegu publiko eskaintza berrian udaltzainen postuek duten garrantzia.
Berriki horren defentsa egin du Iruñeko Udalaren gobernu batzordeak, eta horren justifikazioa ere eman dute. Polizia eredua aldatu egin behar da, desmilitarizatu, nonbait, eta gainera, udaltzainak beste jardueretan aritu beharko dira, eremu errepresibotik haratago, auzoetan, zerbitzu sozialetan, mediazio lanetan...
Argudioa, egia esan, erabakia baino kezkagarriago egiten zait. Iruñeko langileen plantilan dagoen arazo estrukturalari ekin beharrean, polizien gaindimensioari bukaera jarri beharrean, beste jardueretan ere poliziak erabiltzeko asmoa agertzen baita. Zeregin horietan langile prestatu eta kualifikatuak kontratatu beharrean (orain, edo datozen urteotan) poliziaren presentzia indartuko da bertan.
Tranpa, larria, beraz, udaltzainen dismilitarizazioaren diskurtsoa, horrek hainbat zeregin eta zerbitzuen poliziarizazioa ekarriko badu.