Nekatzen naute nire ezagun jakobinoek. Aspaldiko leloa ongi ikasia dute, eta egoeraren arabera berritzen dute, errealitatearen nabarduren gainetik. Haien esanetan, gutxiengoen abertzaletasunak, tokian tokiko identitate kulturalak... horiek guztiak beste zerbaiten mozorroa baino ez omen dira. Alienazioaren tresnak, funtsezko kontraesanak estaltzeko kezko gortinak, edo, beste batzuetan, interes ilunak eta krematistikoak defendatzeko modu hipokritak.
Nekatzen naute, egia esan, mantra hori errealitate konplexua eta aldakorra ez aztertzeko aitzakia paregabea baita. Nekatu, baita haserretu ere, mantra hori beste abertzaletasun bat estaltzeko eta ikusezin bihurtzeko tresna baita kasu askotan, estatuena, alegia.
Hala ere, zenbait gertakarik arrazoia ematen diela aitortu behar dut. Arrazoi osoa ez, ziur aski, baina argi dago haien diskurtsoa indartzen dutela. Horietako bat EAJk PPerekin egindako itun lotsagarria da, Espainiako aurrekontuak onartu ahal izateko. Egia esan, EAJko buruzagien aldetik ez nau asko harritzen horrek, baina, kezkagarriena, nire ustez, horrek ekarriko dien kostu politiko baxua da. Nire Bizkaia maitian, bereziki. Zoritzarrez.
Jarraituko dut ezagun jakobinoekin eztabaidatzen, zalantzarik gabe. Haserretu eta nekatu egingo naiz haien argudioekin. Batzuetan, baina, honakoetan, asko ahalegindu beharko naiz haien diskurtsoaren ahuleziak agerian uzteko.