Atzo bertan jakinarazi zuen Nafarroako Gobernuak Itoitzeko Ubidearen bigarren fasearekin aurrera jarraituko duela, eta urtegiaren defendatzaileak berehala agertu dira neurri hori txalotzen. Honek frogatzen du, haien esanetan, proiektuaren sentsua eta beharra.
Funtsa zientifikorik gabeko argudioak, demagogian eta datuen estalketan oinarriturikoak. Izan ere, azken urteotan Zaragozako unibertsitateko hainbat ikerlarik eta URAren kultur berri baterako fundazioaren ikerketek gizarte mugimenduek aspaldi aldarrikatzen zutena berretsi egin dute: proiektuaren oinarri zientifiko eta ekonomiko falta. Orain CANASA enpresaren egoera tamalgarria horren froga zuzena da.
Horregatik, urtegiaren borroka galdu arren, beharrezko dugu oinarrizkoa gogoratzea: Urrobi eta Irati ibaien jario askea defendatu zutenek arrazoia zutela, proiektu honek hondamendi ekologikoa eta porrot ekonomiko ekarri duela. Era berean, Itoitzeko Solidarioen borroka irudimentsu, baketsu, desobediente eta itxaropentsua gogoratu eta txalotu egin behar dugu.
Memoria horrek, finean, gaur egun bizirik eta mehatxupean dauden ibaien, bailaren eta herrien defentsan aritu ahal izateko tresna izan behar du. Gaurko eta biharko desobedienteei zor diegu, eta bereziki Iñaki García Kochi zor diogu, bere oroimenak ibai askeen defentsan lagun gaitzala.