Sierra Maestrako basoetako irudiak izan ditugu ikusgai azken egunotan. Izan ere, Kubako mendialde horretako zuhaitzen artean gorpuztu zen Batistaren diktadura gailenduko zuen gerrilla. Bertan jaio zen zendu berria den Fidel Castrok zuzendutako iraultza.
Hala ere, Granma itsasontzia Kubara heldu zenerako oso urriak ziren baso eremuak bertan. XIX. mendean azukrearen urrezko garaia ezagutu zuen irlak, inoizko esklabo kopuru handienarekin, eta deforestazio prozesu orokorrarekin. Irabazi ederrak jaso zituzten lurjabeek, horietako asko Espainiako, eta bereziki Kataluniako industrializazioan inbertituko zirenak. Horrelako paisaian gailendu zen, beraz, iraultza. Espainiar kolonialismoak suntsituriko eta EE.BB.etako neokolonialismoak menperatutako paisaian, alegia.
Iraultza osteko urteotan Kubako ekonomiak ezin izan zuen azukrearekiko menpekotasuna gainditu, eta mendialdean gorpuztutako antolaketa militarrak autoritarismoaren hazia zabaldu zuen irlan hurrengo hamarkadetarako.
Horren gainetik, baina, XX. mendeko prozesu iraultzaile aberasgarri eta eraginkorrenetako bat jarri zuten martxan Sierra Maestran ezkutatu ziren horiek, inperialismoak suntsituriko paisaia askoz bizigarriago, bidezkoago eta atseginago bihurtuz.