Nork piztu du semaforo gorria?

Erabiltzailearen aurpegia Fernan Mendiola 2016ko urr. 7a, 12:42

Aldaketaren udal gobernuaren planen arabera, garraio publiko azkarrago eta bizikleta-bide berri ugari izan behar ditu Iruñeak datozen urteotan, eta horrekin batera hiriaren erdia zeharkatu eta zatitzen dituzten etorbideak gune askoz atsegin eta bizirako aproposago bihurtzea ere aurreikusten da.

Iruñeko biztanleriaren gehiengoaren aldeko planak dira, zalantzarik gabe, gure hiriko erdialdea osasungarriago eta seguruago ere bihurtuko dutenak. Horrela, poliki poliki, Europa aldean pauso askoz ausartago eman dituzten hirien eredura hurbiltzen da nafar hiriburua. Azkenean, horiexek dira gaur egun adituen artean prestigio gehien duten politikak.

Kontrako interesak, noski, beti agertzen dira. Kasu honetan ez dakit lobby automobilistakoaren kontua denetz... ala eta automobilisten lobbyena! Edozein modutan, azkar azaldu dira batzuk proposamenaren kontra, mezu alarmista hutsalekin, benetako alarma kotxeek sortzen dituzten kutsadura, zauriak eta heriotza direla ahaztuz, isilduz. Uda honetan Iruñean kotxeek hiru emakume hil dituztela albo batera utziz.

Ahots interesatu horiei men eginez, Udal gobernuaren planak geldiarazi ditu aste honetan Udalaren Hirigintza Batzordeak, Geroa Bai, UPN eta PSNren botoekin. Planak geldiarazteko argudio logikoa dirudi, neurri batean: erakunde ezberdinen arteko koordinazioaren beharra.

Hala ere, argudio horrek bere sinesgarritasun osoa galtzen du politika berriak ezartzeko aukera 2019 arte atzeratzen bada, eta are sinesgaitzagoa da kotxeen aldeko politikak urtez urte lehenetsi dutenen ahotan.

Zalantzarik gabe, aitzakia hutsa dirudi, mugikortasun eredu baterako bidea mozteko, aldaketari semaforo gorri bat jartzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!