Egun on, entzule. Hemen nauzue berriro ere, Euskalerria Irratiak nire gogoetak zuekin konpartitzeko ematen didan aukeraz gozatzeko pozik. Atzean gelditu zaigu uda iadanik, eta aurtengoa uda beroan suteak izan dira notizia. Berriro ere agerian gelditu da suei aurre egiteko lanaren garrantzia, berriro ere suhiltzaileen jardueraren balioa eta arriskua, berriro ere, azken batean, kalitatezko zerbitzu publikoak zaintzeko beharra.
Horregatik, hain zuzen ere, kezkagarria da geure artean aspaldi suhiltzaileek salatutako arazoa, hau da, langileen eskasia, lanpostu berriak sortzeko premia. Eskasia hori larria izanik, kezkagarria ere bada estatu osoan, eta Nafarroako aldaketaren gobernuak ere, arazo hori estaltzeko UME izeneko taldea erabiltzeko joera, hau da, Unidad Militar de Emergencia izenekoa.
Gaurko mundu militarizatuan, ejertzitoak han eta hemen piromano moduan aritzen diren honetan, zentzugabekeria da suhiltzaileak militarrekin ordezkatzeko joera hau. Izan ere, ejertzitoaren ustezko izaera humanitarioa saltzen diguten bitartean, aukera eta baliabide paregabeak ari gara galtzen kalitatezko Babes Zibileko zerbitzu integrala eta desmilitarizatua garatzeko.
Suteen aurkako lanetan ez ezik, horren defentsan aritzen dira Nafarroako suhiltzaileak, gizarte osorako mesedegarri eta beharrezkoa den aldarrikapen batekin. Nafarroako gobernua, baina, bestaldera begira dugu, eta zerbitzua hobetu beharrean, piromanoekin hitzarmena garatzeko borondatea azaldu berri du. Kezkagarria, oso!