Aspaldi ez ziren Iruñean entzuten Kristo Erregearen aldeko oihuak. Duela urte batzuk Erorien Monumentuaren inguruko aldarriak izaten ziren horiek, baina atzo udaletxearen aurrean entzun ziren, aldi berean alkatea ere mehatxatuz. Agerian gelditu dira, berriro, eskuin muturra eta fanatismo erlijiosoaren arteko loturak, eta, nola ez, bere izaera arriskutsua. Kontu ezaguna da hori irrati hau entzuten dugunon artean.
Gure artean, baina, bestelako galderak plazaratu beharko genuke. Izan ere, ez da kasualitatea Abel Azconaren erakusketaren inguruko polemikan eraikuntza eta frankismoaren izaera bera hamaikagarren planoan gelditu izana. Eztabaidatik kanpo, alegia, ustez sakratuak ziren ostien mesedetan. Aurreikusteko modukoa izan da gertatutakoa. Aurreikusi beharrekoa.
Eraikuntzaren inguruko etorkizunak, berriz, eztabaida lasaia eta sakona merezi du, integratzailea, argudio politiko zein teknikoekin aberasturik. Gauzak ongi egin ezkero, estatu eta nazioarteko erreferente bihur daiteke, memoria demokratiko eta askatzaile baten mesedetan arkitektura faxista erabiltzeko eztabaida aberastuz. Bestela, artista, elkarte edota partidu baten interesen araberakoak izanen da erabaki bakoitza. Epe laburreko begiradarekin, beti ere.
Duela urte batzuk erakusketa aretoa ixteko eskatu zuen Oroimenaren Autobusak, eztabaida orokorra eta irekia eman arte, eta eskaera horri arrazoia eman diote azken gertaerek, nire ustez.