Bonbek sorturiko sarraskien artean zoruan egindako zuloak ez dira, inolaz ere, kalte larrienak. Pertsonen sufrimendu edo etxebizitzen eraisketarekin alderatuak, kalte arinagoak dira, nahiz eta bere ondorioak ere makalak ez izan. Bonben, edo bonbardaketen, ondorioz, ondaturik geldi daitezke, azken finean, baratzak, soroak, bideak edota natur parkeak.
Bardeetako kasuan, hemengo zuloak herrialde urrunetan bizitzak eta etxeak suntsitzeko sortuak dira, hau da, askoz zulo handiagoak egiteko. Euskal gatazka izenekoan ere, zuloak eragin zituzten hainbat kotxe-bonbek, heriotza zabalduz.
Azken zulo hauen harira asmatu dute batzuk zoru etikoaren kontzeptua, baina, nire ustez, ez da oso koherentea oraingo Bardeetako bonbardaketak eta NATOko jarduera babesten duten horiek zoru etikoaren defendatzaile moduan agertzea.
Argi dago kontua: lehen eta orain, zoru asko suntsitzen dituzte bonbek, baita etikarenak ere.