Balio al dute hitzek errealitatea irudikatzeko? Aspaldiko arazoa dugu hau, hizkuntzak bezain zaharra. Hizkuntzalaritzan izan ezik, beste gizarte zientzietan ere eztabaida iturri izan da kontzeptuen erabilera. Historian, adibidez, konparazioetan sakontzeko edota joera historikoak antzemateko, ezinbestekoak bihurtu dira kontzeptu orokorrak, genozidioarena kasu. Hala ere, abstrakzioen zailtasunak agerikoak dira.
Errepresio frankista genozidiotzat hartu dute batzuek gure artean, nahiz eta historialari asko, arrazoi handiz nire ustez, termino horren erabilerarekin bat ez etorri. Bestelako kontua da genozidioa, eta ez dugu termino horren beharrik Estatu espainiarrean historia garaikidean egon den sarraskirik lazgarriena izendatzeko edota salatzeko.
Edozein modutan, aste honetan Nafarroako Parlamentuak onartutako deklarazioak muga asko gainditu ditu, eztabaida zientifikoetatik at era bat baitago. ETAren hilketak genozidiotzat hartzeak zientzia politiko eta historiografian adostutako kontsentsuak erabat mespretxatzea suposatzen du. Hainbat arerio politikoak erail, beldurra eta mehatxuak erabili, kalte kolateralen logika makabroa onartu... horiek guztiak, eta beste batzuk, ETAren praktikaren parte izan dira, baina hori izendatzeko genozidioaren kontzeptua erabiltzea ezjakintasun intelektualaren erakustaldi ederra da. Maltzurkeria politikoak gidaturiko ezjakintasuna, noski.