Elkar topatu genuen egunean, ez zenuen inolako lotsarik izan. Nire munduan sartu zinen
gonbidapenik eta abisurik gabe. Gainera, opari gisa, sabelaldeko ziztadak, beldurra, odola,
ezjakintasuna, heldutasun sentimendua eta lotsa ekarri zenizkidan. Egia esan, baneukan zure berri, baina ez zintudan hain gertutik ezagutzen. Zuri leporatzen nizkizun nire gorputz berriko aldaketek sorrarazten zizkidaten burukominak, eta nire hormonak dantzan jartzeagatik gorrotatzen zintudan.
Baina zu zara nire gorputzeko erlojua, eta zu zara nire gorputzean sartzeko giltza duen bakarra. Zure laguntzaz barnetik ezagutzen ari naiz neure burua, eta 5 urte pasata, laguntzat hartzen zaitut. Jada ez didazu beldurrik transmititzen, eta mina baretzeko neurriak hartzen ditut. Bisitan etorri eta berriz alde egiteko egunak argi dituzula dirudi, batzuetan nahi duzunean etortzen zaren arren. Uste baino garrantzitsuagoa zara niretzat.
Laster arte...