Batzuetan zarata gehiagorekin, beste batzuetan erantzun handiagoarekin, baina tantaka joan dira azken asteetan musikari -gizonen- hainbat adierazpen, forma eta hitz desberdinetan, esanen dugu, kulturaren munduan emakumeen paperaz, edo hobeki esanda, hutsuneaz, estamentu edo lan desberdinetan gertatu daitekeenaz...
Baina lekuz kanpoko adierazpenez harago, dei diezaiegun gauzei bere izenez: hemen egitura batez ari beharko ginateke, egiturako zapalkuntzaz. Patriarkatua deitzen den horretaz, alegia.
Ez delako soilik musikaren, nahi bada kulturaren munduan gertatzen dena. Ez naiz gai esateko oholtzak zenbat aldatu diren azken urteetan eta enplegu, elkarte, egitasmo eta sektore desberdinetan. Ez da nire asmoa egia borobilez aritzea.
Baina patriarkatuaz eta egiturazko zapalkuntza eta diskriminazioez ari bagara, egin ezin dena da gaia desbideratu eta inozentzia antzeztu batekin aritzea. Egiturazkoa den heinean, dena bustitzen duelako, egiturak eta pertsonak. Horraino, ados. Baina nola ez zarete gai behintzat autokritika pixka batekin aritzeko? Zilegi da, besterik gabe, “natural” atera zaizuelako lagun-talde ez mistoak erreproduzitzeko etengabe, lagun-taldeak bere zentzu zabalenean ulertuta?
Aprobetxa ditzagun adierazpen hauek horretaz hitz egiteko, espazio publikoaz eta bertan gertatzen ari denaz. Inoiz egon omen ez den diskriminazio horretaz aritzeko. Bestela, zaila delako ulertzen emakumeen* presentzia zein mailatakoa den erraldoien konpartsetatik hasi eta eszenatoki handienetaraino. Eta zenbat geratzen diren bidean bertso-eskolan hasi eta txapelketaraino, eta nola oraindik entzun behar dugun “ez dakigu zergatik ez duen gurekin emakumerik militatzen gure taldean”. Guztion arazoa da, egiturazkoa da. Baina ez ahaztu: inportanteena da egiturazkoa dela, eta hor norberak, taldeak, talde “naturalak” jokatzen duen papera ezinbestekoa dela. Batzuetan atzera-pausoak emanez, besteetan onartezin bilakatuz herriko festetako eszenatokiko emakumeen hutsunea. Ez ditugu indarkeria matxistaren aurkako protokoloak gestionatzen biolentzia bakarra jai-eremuan eta modu konkretuan emanen balitz bezala, espazio publikoa (naturalki) lapurtua zaigun bitartean. Espazio publikoaren konkista ezinbestekoa da, horrekiko distantzia bat hartzeko heziak izan garen arren eta beste batzuek bere identitatea indartzeko espazio publiko hori behar duten arren beti, edonoiz, edozertarako.
Eztabaidatu dezagun, baina tranpak utz ditzagun alde batera: ez dizu kontzertuko sarrera-salmentan eragiten, baina errebelde izatea ez da gaizto plantak egitea. Politikoki zuzena denaz hain azaletik hitz egiteak erreakzio usaina dauka, ez iraultza usaina. Ze “politikoki zuzen” omen den hori, zuek definitzen duelako horrela, emantzipazioa izena izan dezake. Beste gauza bat da horren alde egiteak beste kostu batzuk ekarriko lituzkeela. Baina ez bota beste batzuei horren ardura. Antisistema izatea ez da zuk nahi duzuna egin ahal izatea uneoro: hori liberalismoa da, besterik gabe.