Halaxe esaten zuen Berri Txarrak taldeak. Berba eta irudia. Hau da mende berria mundu zahar batean. Nafarroan mende berria ez dakigu noiz hasi zen, baina mundu zaharrean kateatuta eta atzera bai, gai batzuetan. Ostiralean izan genuen gobernuaren dekretu euskarafoboaren berri. Beste behin ere, errepikatzen eta errepikatzen eta errepikatzen den mende luze honetan. Berriz ere. Ez da dekretua bakarrik, ez dira lanpostuak bakarrik, ez dira konparazioak bakarrik: ondorioak dira, orain eta hemen izan ditzakeen eta izaten ari den ondorioak, baina baita biharkoak ere. Etzikoak. Sinbolikoki eta materialki euskara mespretxatu, baztertu eta bigarren, hirugarren, laugarren mailako herritarrak ekoizten dituena. Berba eta irudia, gure tragikomedia.
Alzorrizek esaten du igualdad de oportunidades en el acceso a la función pública. Horrek esan nahi du: “bigarren mailako zarete”.
Alzorrizek esaten du ajuste a la realidad sociolingüística. Horrek esan nahi du “erabaki dut alemanez pila bat hitz egiten dela Nafarroan”
Alzorrizek esaten du voluntariedad de su uso. Horrek esan nahi du “zuek ez duzue eskubiderik administrazioarekin Lingua navarrorumean aritzeko”.
PSNk esaten du No vamos a fomentar el conflicto que algunos partidos pretender acrecentar con el euskera. Horrek esan nahi du “isildu zaitezte behingoz”.
Hizkuntza-politika ez dira kasualitatez bideratzen ari: boto-eskean ari dira, eta badakigu/badakite bozka eta bazka aurkituko dutela herritarren multzo ez txiki batean. Zerbaiten ondorio da bazka hori guztia, baina hor dago: beste aurpegia. Badugu lana. Guztiok. Imajinazio eta indar handia beharko dugu.