Haur eta Lehen Hezkuntzako matrikulazio kanpaina atzeratu egin da, apirilera. Eta bitartean, hainbeste zarata atera ez duen beste berri bat: D ereduaren aldeko kanpainarik ez du eginen Nafarroako Gobernuak. Kanpaina ez omen zen gehiegi heltzen herritarrengana; orain, udalen esku utzi du gobernuak D ereduaren aldeko bidea egitea. Ez omen zen gehiegi heltzen, ez zien helburuei erantzuten, ez zuen “inpakturik”...
Ulertzen dudana da gobernuak bere funtzioei uko egiten diela horrela. Euskarabideak erabaki duela, bere kanpainek ez dutenez funtzionatzen, ez egitea. Ez zuzentzea, ez beste bide batzuk arakatzea, ez: ez egitea. Udalen esku uztea, udalak laguntzea.
Orain, hurrengo galdera: zein udalek eginen dute kanpaina? Zeinek ez dute hatz bat mugituko? Ze eskolek jarraituko dute D eredua eskaini gabe, betebeharrez hala egin beharko luketenean? Berriz prekario, berriz herritarren esku euskara eremu diskriminatuetan hedatzea. Euskarabideak ez dio bere ardurari erantzuten eta beste behin ere borondatearen eta hitz politen esku geratzen dira hizkuntza-eskubideak. Kanpainek funtzionatzen ez dutenean aldatzea da egiten dituenaren erantzukizuna, ez horri iskin egitea. Hitz polit edo itsusiekin, baina azkenean, betikoak galtzaile. Hau ere estrategia soziolinguistikoa da.