Erdi txantxetan hartu genuen martxoa hasieran koronabirusaren mamua hurbiltzen ikusi genuenean. Forma beldurgarria hartzen hasi zen egun eskasean, eta itxita gaude duela hilabete luze. Bi hilabeteko impass-a, inork gutxik esperoko zuena seguraski, eta etorkizuna zalantzaz beteta ikustea ekarri diguna. Zalantza, ziurtabetasuna, gertatuko dena imajinatu ezina… Antsietatea izanen da hedatzen ari den hurrengo pandemia, beharbada.
Eta gauza asko pentsatu beharko ditugu: zein balio ematen zaien gizartean lehentasunezko eta ezinbesteko bilakatu zaizkigun horiei, nola isildu diren zaratak eta kutsadurak, nola bilakatuko den munduko botere berria Amazon, zer den osasuna zaintzea bizirauteko paseoa premiazkoa dutenentzat…
Utopiak imajinatzeko zailak ziren orain arte, eta konturatu garenerako distopia betean sartuta gaude, noraezean. Ez dakigu zer etorriko den, baina gure esku egonen da, neurri batean, alde batera edo bestera jotzea. Eskubide sozialen alde borroka egitea, elkartasun sareak sendotzea, jasangarriagoa izanen den bizitza bat izatea, ondokoak zaintzea eta hori guztia komunitatean egitea. Zerbait argi geratu bada hori delako: bizitza dela handiena, inposatu nahi diguten kapitalismo basati honek pixkanaka hiltzen utziko gaituela ez badugu erreakzionatzen. Garai ilunak datoz, baina badugu aukera eta indarra honi aurre egiteko. Eta guztion inplikazioa beharko dugu aurrera egiteko.