Mila bederatzirehun eta hamabi. Apirilaren 14ean, gaueko hamabiak hogei gutxitan, RMS Titanic izeneko ontziak izeberga jo du Terranovako uhartetik gertu.
Orduz geroztik gure iruditeria kolektiboan txertatua gelditu den desastrea da. Horren froga da Titaniken inguruan sortu den filme, abesti, dokumental, liburu, nobela, grabatu eta monumentu andana.
Hamaika urte eskas nituen nik Kate Winslet eta Leonardo DiCapriok klaseen arteko amodioaz, handikeriaren arriskuez eta bizitzaren gogorkeriaz lezioa eman zidatenean. Haien bitartez 2223 bidaiariren historia ezagutu genuen: haien jatorria, helburua, asmoak eta sentimenduak. Haien zorigaiztoa. Eta ehun urte pasata malkoak berriro isuri genituen.
Azkeneko asteek beltzez margotu dute Mediterraneoa. Europar kostaldera heltzeko saiakeran, 1727 lagunek galdu dute bizia aurten. Titaniken ezbeharrean baino gehiago. Baina titularretan 1727 gizaseme hauek ez dira pertsonak, etorkinak baizik.
400 inmigrante hil dira.
700 etorkin zeraman itsasontzia hondoratu da.
Eta etorkina jatorri, asmo edo sentimendurik gabeko zenbaki bat da; historiarik gabeko gizakia. Etorkina ez da maitemintzen. Ez du familiarik. Ez du izenik.
Prentsa Britanikoan “heriotzaren hierarkia” kontzeptua erabiltzen dute. Honen arabera, geroz eta gertuago gertatu orduan eta garrantzi handiagoa ematen diogu heriotza bati. Baina aizu, Lanpedusa Terranova baino askoz gertuago dago. Zein da arazoa orduan? ba izenik gabeko etorkina urrun dagoela. Edozein pertsona baino urrunago.