Hezkuntzari buruzko eztabaida burutsu, sakon eta estrategikoen handitasunak irentsita, badaude gure hezkuntza sistemaren benetako egoera agerian uzten duten hainbat bizipen nimiño bezain garrantzitsuak eta horietako bat azaleratzea otu zait oraingo honetan: irakasle-poliziaren figura.
Ez dakit zuei gertatu zaizuen baina gero eta nabarmenagoa egiten zait irakasleak, irakasle baino, polizia papera betetzen duen sentsazio hori. Patioetan: “eh aizu, aluminiozko paper bola hori zakarrontzira”, “eh, aizue utzi elkar kolpatzeari”, edota “ez duzue baloia garaiz bueltatu, bihar futbolik gabe”. Geletan: “berandu etorri zara, atzerapena jarriko dizut”, edota “isiltzen ez baldin bazara, negatibo”, eta azken aldi honetan “komunera joan nahi baldin baduzu honoko kontrol zerrenda honetan jarri behar zaitut”.
Badakit aipatu ditudan egoera horiek ere hezkuntza direla eta hainbatek pentsatuko duela irakasle-polizia paper hori gure soldatan doala baina horren aurrean nire galdera honokoa da: hau al da gazte aske, kritiko eta zoriontsuagoak sortzeko dugun modua? Nahiz eta hori baino lehen agian beste galdera honi erantzun beharko geniokeen: gazte aske, kritiko eta zoriontsuagoak sortu nahi al ditugu gure inguruan? Galdera horren erantzunaren araberakoa izan ohi da gero gertatu ohi denari buruz dugun ulermen maila.