Ezin esan bizimodu modernoak gure Lurrarengan duen eragin kaltegarri larriaz ohartarazteko eginiko saiakerek ez dutela arrakastarik izan. Nik uste jadanik gehientsuenok konsziente garela pikutara goazela.
“Don’t Look Up” edo “Ez gora begiratu” filmak oso ongi irudikatu du hori guztia. Aldaketa klimatikoa baino askoz ere mehatxu ebidenteago baten aurrean nola jokatuko genukeen aurreikusi du, horretarako ironia, sarkasmo eta, zergatik ez esan, nihilismo tona bat erabiliaz.
Filma ikusi duen herritar xehe konzienteak azkar irudikatu ditu mundu mailako katastrofe baten aurrean erreakzionarioek eta kapitalistek elkarrekin duten gurutzada horrek zein paper jokatu lukeen: ebidentzia ukatu edota bere ondorio kaltegarriak gutxitu eta aldi berean horrekin negozioa egin.
Jarrera horiek ez dira harrigarriak, oso posible litzateke halako egoera benetan gertatuko balitz halakoak ikustea. Kezkagarriena gainontzekoen hautua da. Lurra zapuztuko lukeen egoera baten aurrean –berdin dio meteorito bat ala aldaketa klimatikoa izan- zein izango da gure jarrera? Aipatu filmak agertzen duenari so egiten baldin badiogu, erantzuna ez da batere itxaropentsua. Eta horixe da, nire ustez, Don’t Look Up filmetik atera dezakegun ondorio nagusia: zeinen barneratua dugun hondamendia eta horren muturrekoa den egoera batean ere etsipenak zeinen pisu handia izan dezakeen gugan.