Iritsi da ebaluazio garaia eta pilatu zaizkigu bilerak, urtero bezala orbela pilatzen den sasoian. Elkarrekin eseri eta erabakiak hartu behar izaten ditugu, eta geratzen da agerian zein desberdin ikusten eta pentsatzen ditugun egoerak. Zein desberdin argiduatzen ditugun erabakiak.
Ederra da pertsonekin lan egitea. Zaila da pertsonekin lan egitea. Eta gogorra ere izaten da maiz. Atzo konbentzituta iritsi nintzen lanera, ikasle bati barkamena eskatuko niola. Ikastetxera iritsi eta joan nintzen bizikidetzako bulegora, solastu ginen egoeraz. Eta arduradunak pertsonak garela eta tarteka hanka sartzen dugula errepikatu arren, nik neurean jarraitzen nuen irtetean: barkamena eskatuko nion ikasleari. Ez nuen goiz osoan topatu, eta berarekin hitz egin gabe amaitu zitzaidan laneguna. Ez dakit nola azalduko diodan, batzuetan ez dugula behar bezain ongi egiten gure lana, eta guk gure lanean ez asmatze horrek haiei min ematen diela tarteka.
Ikasleari zer esan buruan bueltaka, pertsonekin lan egiten duten beste batzuk etorri zaizkit gogora. Etorri zait gogora osasun zentruko harrerako emakumea eta kontserbatorioko atezaina, etorri zaizkit gogora igerilekuko eta institutuko idazkariak.
Haiekin hitz egiten dudan aldiro irteten naiz irribarrez. Badira euren lanarekin besteon bizitza erraztu eta edertzen duten pertsonak.