Euskaraz hitzen bat al dakidan galdetu dit gaur Murtziako lankideak. Esan diot hitzen bat ezagutu ez, neure hizkuntza dela euskara. Irribarre egin du. Eta irribarre egin dut neuk ere, etxean utzitako txapa gogoan.
Laneko lehen egunean jarri nuen ahobizi txapa aurtengo poltsan. Laneko bigarren egunean kendu nuen ahobizi txapa oihalezko poltsatik.
Mintegikide bat eta biok fotokopiak egiten ari ginen irakasle gelan. Gu makinaren parean ginela hasi ziren euskara mintegiko bi irakasleak guri buruz gaizki esaka. Hortxe ziren. Gure alboan. Gutaz ari ziren. Euskaraz. Hestegorrian trabatuta geratu zitzaidan egoera. Neure hizkuntza erabiltzen ari ziren nitaz gaizki esaka ibiltzeko. Guri buruz ari dira esan nion mintegikideari. Badakit bota zidan berak, baina ez diet ulertzen. Nik ulertzen niela esan nionean bota zidan hori ere bazekiela, nabaritu egiten zaidala.
Ez dakit zer markatako zapatak edo zein orrazkera behar diren hizkuntza bat dakizula nabaritu dadin. Ez dakit besteren itxuragatik ezer suposatzea arriskutsua ez ote den. Badakit egun hartan etxeratzean ahobizi txapa kendu nuela poltsatik, eztarriko mingotsa artean kendu ezinda. Agian jarriko dut berriro. Agian jarriko dut Murtziako mintegikidearen irribarreagatik, bera erdalduna izan arren semeak D eredura bidali zituen lankideagatik, euskaraz agurtzen nauten A ereduko ikasleengatik.