Hiztegian bilatu behar izan dut hitza. Ez nuen ezagutzen. Ez nuen ezagutzen eta birritan entzun dut azkenaldian. Bietan karreradun gizonei. Bietan hezkuntzako langileei.
Lagun batek bota zidan aurrekoan. Harridura somatu zidan aurpegian eta berehala esan zuen marokoar. Atzo esaldi bera bota zidan lankide ohiak: ikasle mairuak izango dituzu. Eta ikasgela etorri zitzaidan gogora. Aljebraren historiari buruz hizketan hasi nintzenean ikasle batek mairu hitza erabili zuen. Albokoaren eta bion begirakuneak ez zituen ikusi, eta hala ere hitza ahotik atera bezain pronto jarri zuen eskua ezpain parean. Berak bakarrik zuzendu zuen bere burua.
Ez, ez ditut ikasle mairuak. Baditut ikasle marokoarrak, musulmanak, lehenengo eta bigarren belaunaldiko migratuak. Baditut sinestun izan ez arren familiako ohiturak jarraitzen dituzten ikasleak. Baditut gazteleraz ongi egiten ez duten baina nik baino hizkuntza gehiago dakizkiten ikasleak. Eta uste dut pertsonekin lan egiten dugunok geure pribilegioak oso presente izan beharko genituzkeela. Erraza da inklusioaz aritzea denak zuri-payoak garenean.