Geometria gaiak amaitu berri dituzte DBHko ikasleek. Behin baino gehiagotan esan diet 2. mailakoei nik ez dakizkidala haiek erabiltzen dituzten formulak. Piramidearen azalera berdin oinarriaren azalera gehi oinarriaren perimetroa bider altuera zati bi. Gehi oinarriaren perimetroa bider … Zer egiten du oinarriaren perimetroak hor? Kalkulatu hirukiaren azalera eta egin biderketa gero, hori da biderik sinpleena. Materiak ez du kasualitatez bilatzen energia minimoko egoera.
Inoiz ez zait gustatu gauzak buruz ikastea. Agian horregatik aukeratu nuen matematika. Emaitza gehienak deduzitu daitezkeelako emaitza sinpleago batzuk jakinda. Agian horregatik jartzen naiz urduri ikasleek formula guztiak buruz ikasten dituztenean, zer egiten ari diren ulertu gabe ia. Mekanikoa izaten da: norbaitek erakutsitako formula buruz ikasi eta aplikatu.
Grafikoak lantzen ari dira orain. Eta hutsik gabe agertu da galdera: baina zertarako balio digu hau jakiteak? Haiek argi dute euren erantzuna: ezertarako ez. Azken egunotan estatistikaz entzundakoak etorri zaizkit niri gogora. Hauteskundeen harira eta, oro har, politika tartean denean sortzen diren diskurtso eta komentarioak. Zenbat jendek aplikatzen dituen beste norbaiti entzundako formulak itsu-itsuan. Zenbat hitz egiten den estatistikaz ezer ulertu gabe.
Ez, ez dut formulak buruz ikas ditzazuen nahi. Deduzitzen ikas dezazuen nahiko nuke. Bide logikoak eraikitzen. Datuak hartu eta zeuen emaitza eta argudioak aurkitzen. Ezin delako aske izan egia bat lortzeko beste norbaiten formularen zain dagoena.