Ia begiratu gabe hartu dut gaur liburua liburutegian. Patxadaz egiten dut normalean. Titulua. Azalak. Idazlearen argazkia eta argazkiko begirada. Orrialde bat. Kapitulu edo ipuin baten lehen lerroak …
Gaurkoan apalategira hurbildu, abizena bilatu, hartu eta azkar aldendu naiz apalategitik. Bi edo hiru metro urrundu naiz azalak begiratzeko. Eta ia begiratu gabe eraman dut, ez nuelako atzera apalategira hurbildu nahi.
Gogora etorri zait institutuan usainak aditu egiten direla ikasi nuenekoa. Eta usainei entzungor egin ahal izatea gustatuko litzaidakeela pentsatu dut. Liburutegiko atean ez dago, isilik egoteko kartelaren ondoan, usain gogorrak ekiditeko kartel bat.
Etxerakoan gogora etorri zait supermerkatu batzuek, gutxik eta ordutegi deserosoan bada ere, ordu isilak dituztela. Soinuek bereziki molestatzen dituzten pertsonei zuzenduta daude tarte horiek. Usainekin antzeko zeozer egitea posible ote den zalantza sortu zait.
Autoen klaxon, motorren orro eta kaleko oihuen artean, besteen beharrei entzungor egitea zein ohiko eta erosoa den pentsatuz iritsi naiz etxera. Goizeroko kolonia parrastada edo bizarra egin ondorengo aftershave igurtzietan zein gutxi pentsatzen dugun molestatu ahal ditugunengan.